pilota

Mikel Beroizek irabazi du 2. Mailako buruz buruko txapela

Uhartekoa atzelariak 22-13 irabazi dio Jokin Argoteri finalean, azken zortzi tantoak jarraian egin ondoren.

2009ko maiatzaren 23a
15:36
Entzun
Mikel Beroizek 22-13 irabazi du Jokin Argoteren aurka 2. Mailako Buruz Buruko Txapelketako finalean. Final luze eta estua izan da, eta biek lan eskerga egin dute. Beroizek, baina, askoz hobeto baliatu du sakea eta horri esker jantzi du bere ibilbide profesionaleko aurreneko txapela. Garaipen honi esker txapeldunak Lehen Mailako Buruz Buruko Txapelketa jokatuko du heldu den urtean.

Partidaren hasiera estua izan da, piloteo luzeko tanto askokoa. Beotibarrera gerturaturiko zaleek joko klasikoa ikusteko aukera izan dute (7-8). Finala ez zela hautsiko zirudien, baina Beroizek gustuko pilota aurkitu eta tarte txikia ireki du (8-13). Argotek ez du amore eman eta lanean jarraitu du. Sakea berreskuratu eta partida orekatzea lortu du (13-13). Tanto sortako partida izan da, eta sakeak berebiziko garrantzia izan du.

Argote bera izan da baina bere buruari hankatraba jarri diona, errestoaren osteko aukerako pilota txapara bota duenean. Beroizek sakea berriz hartu du eta zuzenean abiatu da txapeleraino. Atzelari nafarrak jarraian egin ditu azken zortzi tantoak, horietatik lau saketik. Hala ere, azken bi tantoak Argoteren hutsak izan dira.

Partidaren iraupena 56 minutukoa izan da, eta 221 pilotakada jo dituzte. Argotek hiru tanto lortu ditu saketik; Beroizek, berriz, zortzi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.