Atzo jada erabakita gelditu zen Italiako Giroa, eta aparteko ezustekorik gabe amaitu da Turin eta Milan bitarteko azken etapa. Ez diote erraz utzi, baina azkenean Alberto Contadorrek (Tinkoff) irabazi du Giroa. Haren atzetik 2.02ra amaituko du Fabio Aruk (Astana), eta 3.14ra Mikel Landak (Astana).
Hasi eta bukatu, ikusgarria izan da Italiako Giroa, eta epikatik dezente izan zuen atzoko azken etapak, handiren bat egiteko zorian egon zelako Mikel Landa (Astana). Finestren gora erasoa jota, agerian utzi zuen Alberto Contadorren (Tinkoff) ezina, eta espainiarrak 2.25 minutu galdu zituen helmugan.
Mikel Landak bi etapa irabazita eta podiumeko hirugarren koskara igota, errespetu handiz jokatu du Arurekin eta taldearekin, eta, handiren bat egin zezakeenean, taldekideari esku-eskura utzi dio beste bi etapa irabaztea.
Azken bi egunetakoak, alegia; Cerviniakoa eta Sestrierekoa. Atzo ere joka zezakeen egoskor. Ilnur Zakarinek (Katuxa) erreleborik ez ziola ematen ikusita ere, eta Contador 1.35 minutura atzetik zuela, saia zitekeen hirugarren etapa irabazten eta podiumeko bigarren koskara igotzen. Baina, bere onetik aterata eta Aruren bigarren postua buruan zuela, itxaron, gogotik lan egin, eta indarrak hustuta iritsi zen Sestriereko helmugara. Gehien-gehienak harritzeaz gain, murgiarrak kontratu on-on bat irabazi du Giroan.
Landaren eraso serioa
Atzo ere argi utzi baitzuen txirrindulari berezia dela. Bederatzi txirrindulari joan ziren ihesean etapa hastearekin batera, Zakarin eta Ion Izagirre (Movistar) tartean zirela. Cannondalek eta Tinkoffek, ordea, gertutik lotu zuten ihesaldia, Ryder Hesjedalen eta Contadorren balizko etapa garaipena buruan zutela. Bi minutu, gutxi gehiago igo zen bederatzikoaren aldea, eta Astanak lasterketa are gehiago gogortu zuen, gainera, Finestreko lehen maldetan. Bakarrean saiatzea beste erremediorik ez zeukala ulertu zuen Zakarinek, eta oso ausart eta indartsu egin zuen aurrera, iheskide guztiak ezinean utzita.
Hori bai, 32,5 kilometro falta zirela iritsi zen benetako erasoa, Landarena. Urrutitik begira geratu zen Contador, bezperan bezala ardura beste batzuei utzi izan balie bezala. Baina serioa zen atzoko ezina. Jabetu ziren gainerakoak ere, eta, tantaka-tantaka, bakarrik utzi zuten Giroko liderra, bihurgune itxietan pedalei eragiteko nahikoa lan zuela. Zakarin eta Landa, elkarri ulertu ezinik aurrean; Aru, Hesjedal eta Rigoberto Uran (Etixx), gerturatu ezinik, 40 segundora; eta Contador, balantzaka baina zutik, 1.35era.
Tentsio handia izan zen Giroan Sestrierera bidean, baina Zakarinen erreleborik ezak baretu zuen Landa, eta etaparen jokoan sartu zen gero Aru, bi kilometro falta zirela erasoa jota. 2.25 minutuko galerarekin, Giroko garaipena ospatuz helmugaratu zen Contador. «Gaur hasi da jada Tourrerako prestaketa». Erronka serioagoa izango da hura. Aurretik, Turin eta Milan artean, eta esprintaren zain, Giroko etapa lasai bakarra izango du gaur tropelak.