Txirrindularitza

Mikel Landaren bigarrena

Astanako arabarrak irabazi du Italiako Giroko 16. etapa, bigarren jarri da sailkapen nagusian, eta estu hartu du Alberto Contador (Tinkoff), arazo mekanikoekin larri. Fabio Aru (Astana) ezinean geratu da Mortirolon, eta 2.51 galdu du.

jarraia111404.jpg
unai zubeldia
2015eko maiatzaren 26a
17:06
Entzun

Ez sinestekoa da Mikel Landa (Astana) ematen ari den maila. Fabio Aru taldeburuaren alde lan egingo zuela hitz eman du egunero, baina Mortirolok bere lekuan jarri du bakoitza. Alberto Contador (Tinkoff) arazo mekanikoekin atzean geratu ondoren, Katuxak lehenengo eta Astanak gero asko estutu dute Giroko liderra, baina Landarekin batera lasterketa buruan zela, ezinean geratu da Aru, eta etapa garaipenaren lehian sartu da murgiarra. Mortirolon igoera harrigarria eginda, lasterketa burura iritsi da Contador, baina gero, Aprican, Landari erantzun ezinik geratu da espainiarra, Steven Kruijswick (Jumbo) eurekin zela. Bakar-bakarrik helmugaratu da arabarra, eta bigarren posturaino igo da sailkapen nagusian, Contadorrengandik 4.02ra.

Andrey Amador (Movistar), Juri Trofimov (Katuxa) eta Ryder Hesjedal (Cannondale) helmugaratu dira atzetik, eta Aru atzerago, 2.49ra. Sailkapen nagusian hirugarren dago orain italiarra, Contadorrengandik 4.52ra. Amador dago laugarren, 5.48ra, eta Trofimov bosgarren, 8.27ra. Tiranon hasi eta Luganon amaitu, 17. etapa jokatuko da bihar (134 km). Esprinterako aproposa da amaiera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.