300 metroren baitan egon da Mikel Nieveren Tourreko etapa garaipena. Leitzarra 31 kidez osatutako ihesaldien indartsuena izan da. Tartean ziren, besteak beste, Gorka Izagirre (Bahrain) eta Romain Sicard (Direct Energie) euskal herritarrak, Warren Barguil (Fortuneo), Damiano Caruso (BMC) eta Michael Valgren (Astana). Eguneko lehen mendatean sortu da ihesaldia. Faboritoen taldean egondako mugimenduek, ordea, azken unean ihesaldiaren aukerak zapuztu dituzte.
Mugimenduak, Pre maila bereziko mendatean hasi dira. Movistarrek hartu du tropelaren ardura eta erritmoa bizitu du. Jarraian jo du erasoak Alejandro Valverdek (Movistar). Tropelean kontrol lanean Jonathan Castroviejo (Sky) aritu da. Erritmoa bizitu orduko jokoz kanpo gelditu dira, besteak beste, Greg van Avermaet (BMC) liderrra, Rigoberto Uran (Education First) eta Bauke Mollema (Trek). Azken aurreko mendatearen jaitsieran aurrera egin du Tom Dumoulinek (Sunweb) Soren Kragh Andersen taldekidearekin.
Azken igoera hastean, Nieve, Caruso, Barguil eta Valgren ziren buruan. Atzetik ziren Valverde eta Dumoulin batera; eta ondoren, tropela Skyren agintepean. Nievek ez du ihesaldian etapa garaipeneko jokorako aukera handirik eman. Helmugatik bederatzi kilometrora jo du eraso bakarra eta atzean utzi ditu gainontzeko txirrindulariak. Tropel nagusian, Valverde eta Dumoulin aurretik egoteak ezinegona sortu du eta Skyk erritmo bizi-bizia jarri du igoeran. Michal Kwiatkowskik (Sky) azken indar apurra ere zukutu du liderren mesedetan. Poloniarra paretik kendu orduko jo du Thomasek. Atzean, kontrol zorrotza Chris Froomeren (Sky) eta Nairo Quintanaren (Movistar) artean. Denak elkarri begira zeudela Daniel Martinek (UAE) jo du erasoa. Haren atzetik irten da Froome. Quintana, Romain Bardet (Ag2r) eta Primoz Roglic (Lotto J.) atzerago ziren. Are atzerago Mikel Landa (Movistar). Ez du egunik onena izan murgiarrak. Thomasek Dumoulin harrapatzea lortu du. Nieve 25 segundo inguru aurretik zen azken kilometroan. Nievek Dumoulinengatik libre zirudien, baina Thomas zetorren gurpilean. Eraso bortzitza jo eta Mikel Nieve azken 300 metrotan pasa du. Nievek gertu izan du bere Tourreko aurreneko etapa garaipena.
Dumoulin eta Froome 20 segundora heldu dira. Quintana, Bardet eta Vinzenco Nibali (Bahrain) 59ra. Mikel Landak, aldiz, 1.47 minutu galdu ditu. Lider aldaketa egon da, beraz, La Rosieren. Geraint Thomas da lider eta atzetik Froome taldekidea du 1.25era. Lehen euskal herritarra Mikel Landa da zazpigarren (2.56ra).