Aurten aurreneko aldiz, euskal selekzioak partida jokatzen duen egunean, nazio izaera duen manifestazioa antolatu du ESAITek, eta gaur egin dute Bilbon, 17:30etik aurrera, Euskal Herria, nazio bat, selekzio bat lelopean. "Euskal selekzioaren alde bat egin eta ofizialtasuna dagokion eran aldarrikatzeko garaia delako" deitu du ekimena, eta milaka eta milaka lagun bildu dira, aldarrikapen eta jai giroan.
Casilla kiroldegitik abiatu da manifestazioa, eta Areatzan bukatu da. Hainbat kirolari, kirol elkarte, eragile sozial, sindikal eta politikok egin dute bat ESAITen deialdiarekin. Ixiar Arratibel ESAITen lehendakariak ekimena hasi aurretik dei egin du euskal lurralde denak bilduko lituzkeen kirol federazioak sortzeko.
Herriz herri, kirol federazio eta kirolzaleekin bildu dira ESAITekoak, dinamika hori azaldu eta euren atxikimendua eskatzeko. Oso erantzun ona jaso dute. Hainbat herritan autobusak antolatu dituzte, eta hainbat udaletan aurkeztutako mozioak onartu.
Egun osoko jaia da ESAITek antolatu duena. "Arazoaren tamaina ikusita, partidatik haratago doazen elementuak behar dira", adierazi zuen Egoitz Askasibarrek, ESAITeko koordinatzaileak, ekimena aurkeztu zuten egunean.
Egitaraua. Bilbo
11:00. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak izan dira.
12:30. Kirol erakustaldia. Wushu, kung fu, tai txi, kenpo kai eta harri-jasotzea.
12:45. Sinadurak. Euskal selekzioko futbol jokalariek eta goi mailako beste kirolariek elastikoak, argazkiak... bakoitzak daramana sinatu dute.
13:30. Bertso txotx erraldoia. Herri bazkaria izan da: sagardoa ziritik, txekor errea, taloak, ogitartekoak... Bazkaria bertso eta trikitiaz girotua.
15:00. Gozategi musika taldearen emanaldia.
17:30. Nazio manifestazioa. Casilla kiroldegitik abiatu da, Euskal Herria, nazio bat, selekzio bat lelopean.
20:30. Euskal Herria-Katalunia lagunarteko futbol partida, San Mamesen. EAEko Futbol Federazioak antolatu du. ESAITek pantaila erraldoia jarri du Areatzan.
Kontzertuak. Partidaren ondoren, Betagarri eta Tximeleta taldeek emango dute kontzertua.
Kirola
Milaka eta milaka lagun bildu dira kirol selekzioen ofizialtasun eske Bilboko manifestazioan
ESAITek deituta manifestazio nazionala egin dute, aldarrikapen eta jai giroan. Euskal lurralde denak bilduko lituzkeen kirol federazioak sortzeko eskatu dute. Euskal Herria-Katalunia lagunarteko futbol partida jokatu da ondoren, San Mamesen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu