Milaka lagun izan dira gaur Bilbon Euskal Herriko kirol selekzio ofizialen eta kirol egitura propioen aldeko manifestazioan. Euskal Selekzioen Aldeko Iritzi Taldeak (ESAIT) deitu du ekimena, Euskal Herria: nazio bat, selekzio bat, federazio bat lelopean, eta babes handia jaso du.
Gustura bukatu du ESAITek, "urrats handia" eman dutelako. "Futboleko partidarik ez da jokatu aurten, baina inoiz baino hobeto jokatu da", esan du Itziar Arratibel bozeramaileak ekimenaren bukaeran. Euskal kirol federazioak "batu beharra" aldarrikatu du, "kirolariak eta klubak elkarrekin aritzeko".
17:30ak pasatxo hasi da manifestazioa, Aita Donostiatik, eta 19:00ak aldera amaitu da, udaletxe plazan. Kirolari batzuek eraman dute pankarta (kasu, Kepa Acero surflariak, Miren Urkiola harri-jasotzaileak, Xabier Galarza pilotariak, Eva Ferreira Athleticeko jokalariak...), ESAITeko kideekin batera. Atzerago izan dira beste hainbat kirolari. Jendeak "Euskal Herria aurrera", "Euskal Herria. Nazio bat, selekzio bat" edota "independentzia" oihukatu du; EAJren aurkako oihuak ere bota dituzte.
Hainbat alderdi politiko, “dozenaka” eragile sozial eta “gehiengo sindikala” agertu da manifestazioaren alde, eta han izan dira haien ordezkariak. Besteak beste, AB (Mertxe Colina), Aralar (Dani Maeztu), EA (Elisa Sainz de Murieta), ezker abertzalea (Tasio Erkizia, Nekane Erauskin), ELA, LAB, EILAS, Hiru edota Eusko Laborarien Biltzarrekoak. “Sektore horiek guztiek bat egin dute Euskal Herriko selekzioei ateak zabaltzeko, Euskal Herriko selekzioei etorkizuna emateko eta berauek bermatuko dituzten egiturei bidea zabaltzeko”, esan du ESAITek.
Aurten, Euskadiko Futbol Federazioak abenduaren 23rako antolatu zuen gizonezkoen Euskadi-Iran lagunartekoa, baina futbolarien eta federazioaren arteko eztabaidaren ostean, akordiorik lortu ez eta bertan behera utzi zuten partida. “Euskal Herriak partida aspaldi hasi zuen. Asko dago jokoan, eta partida guztion artean irabazi beharra daukagu", uste du ESAITek.
Kirola
Milaka lagunek aldarrikatu dute Euskal Herriko selekzio ofiziala
Manifestazioa egin dute gaur arratsaldean Bilbon, ESAITek deituta, ‘Euskal Herria: nazio bat, selekzio bat, federazio bat’ lelopean. "Futboleko partidarik ez da jokatu aurten, baina inoiz baino hobeto jokatu da", esan du Euskal Selekzioen Aldeko Iritzi Taldeak. EA, ezker abertzalea, Aralar, AB, ELA eta LABek babestu dute, besteak beste, ekimena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu