Ingalaterra aldean tristurak jota amaitu zuten Txapeldunen Ligako sailkapen fasea, Manchesterko bi taldeak nahi eta ezinean geratu zirenean. Europako talderik indartsuenetako bi dira Manchester United eta Manchester City, baina biek huts egin zuten final-zortzirenetara bidean. Lau taldekoa zen ordezkaritza bira jaitsi zen lehen kolpean, eta Ingalaterrako taldeek arrisku ederra daukate final-laurdenetara bidean beste bi taldeetako bat edo biak ezinean geratzeko. Txapeldunen Ligako final-zortzirenetako kanporaketen zozketa egin zuten atzo Nyonen (Suitza), eta kanporaketa gogor samarrak egokitu ziren tartean. Otsailaren 14, 15, 21 eta 22an jokatuko dira joaneko partidak, eta martxoaren 6, 7, 13 eta 14an itzulikoak.
Napoli-Chelsea eta Milan-Arsenal. Italiako bi talderen eta Ingalaterrako biren arteko kanporaketa ikusgarriak ekarri zituen zozketak. Napolik ezustekoa eman du sailkapen faseko multzorik gogorrenean, Bayern Munich, Manchester City eta Vila-real gainditzeko gai izan baita. Lavezzi, Hamsik eta Cavaniren kalitateari helduta, Chelsearen lanak emateko gai dira italiarrak. Ingelesek azken partidan Valentziari irabazita egin zuten aurrera.
Milanen eta Arsenalen artekoa, berriz, iragana orainarekin lotzeko egokia izango da. Izan ere, 2007-2008ko denboraldian Arsenalek utzi zuen Txapeldunen Ligatik kanpo Milan, neurri handi batean Cesc Fabregasen lan dotoreari esker. Bartzelonara joanda dago jada Cesc, eta donostiar batek hartu du bere lekukoa, Mikel Artetak. Kanporaketa parekatua eta gogorra izango da Italiako talde beteranoaren eta Ingalaterrako talde bizi eta gaztearen artekoa.
Kontuz Basilearekin
Begiratu batean, bi kanporaketa horiek dira estuenak, baina badaude faborito argirik gabeko beste bi ere. Basilea eta Bayern Munichen artekoa da bat. Alemaniarrak dira aurrera egiteko faborito argiak, baina, urrutira joan gabe, Basileak, sailkapen fasean, 3-3 berdindu zuen Manchester Uniteden zelaian, eta 2-1 irabazi zion etxean. Ezuste handia eman dute suitzarrek. Beste kanporaketa erakargarria, berriz, Olympique Marseilla eta Inter Milanen artekoa da. Biak dira Europako txapeldunak.
Bayer Leverkusen-Bartzelona, CSKA Mosku-Real Madril, Olympique Lyon-Apoel eta Zenit San Petersburgo-Benfica dira gainerako kanporaketak.
Milan-Arsenal eta Napoli-Chelsea, ikuskizunaren izenean
Txapeldunen Ligako final-zortzirenetan kanporaketa ederrak egokitu dira, Marseilla-Inter tartean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu