Txapeldunen Ligako historian inoiz eta inork egin ez duena lortzetik oso gertu egon zen atzo Arsenal, Milanen aurka. 4-0ekoari buelta eman beharra zeukan final-laurdenetara igarotzeko. Mirari baten beharra, beraz. Eta ozta-ozta ez zuen lortu, 3-0 nagusitu baitzen. Egin zezakeela sinetsita zelairatu zen etxeko taldea, eta berehala igarri zen, neurketa hasterako aurretik ipini zen eta, Koscielnyk buruz eginiko gol bati esker. Hortik aurrera jaun eta jabe izan zen Arsenal, eta ez zuen barkatu. Rosickyk —partidako onenak— eta Van Persiek —penaltiz— 3-0 aurreratu zuten taldea atsedenaldirako. Bigarren zatian, baina, nekea antzeman zitzaien, ez zuten golik lortu. Hala, Milanek eskuratu zuen txartel preziatua.
Beste txartela Benficarentzat izan zen, eta merezita 2-0 nagusitu baitzen etxean Zeniten aurka. Joanekoan 3-2 galdu zuten portugaldarrek, eta bazekiten gol bat eginez gero aukerak izango zituztela final-laurdenetara sailkatzeko. Bada, 45. minutuan Maxi Rodriguezek aurreratu zituen etxekoak, eta bigarren zatian ongi jakin zuten emaitzari eusten. Festa biribiltzeko, Nelson Oliveirek 2-0ekoa egin zuen luzapenean.
Beste bi partida gaur
Txapeldunen Ligak gaur izango du jarraipena, beste bi kanporaketekin. Batetik, Apoel eta Olympique Lyon lehiatuko dira, Txipren. Joanekoan 1-0 nagusitu ziren frantziarrak, baina Apoelek irabazi eta amets egiten jarraitu nahi du. Eta bestetik, Bartzelonak etxean hartuko du Bayer Leverkusen (20:45, ETB1). Joanekoan 1-3 nagusitu zen Pep Guardiolaren taldea, eta oker izugarririk ezean, final-laurdenetan izango da.
Milanek eta Benficak lortu dituzte final-laurdenetarako lehen txartelak
Italiarrek 3-0 galdu arren, Arsenal kanporatu dute; portugaldarrek aiseago egin du aurrera, Zeniti 2-0 irabazita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu