Mina ematen duten opariak

Andoni Urbistondo.
2010eko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Tonto aurpegia. Lagun Aroko jokalariei Manresan geratu zitzaiena, Rodrigo San Miguelek azken jaurtiketa ikusgarria sartu zuenean. Aurpegi bera geratu zitzaien partida ligako webgunearen bitartez jarraitu beste erremediorik izan ez zuten guztiei. Irabazi beharreko norgehiagoka zelako eta irabazita zegoelako. Tonto aurpegia geratu zitzaien Bilbo Basketeko zaleei, bere taldeko jokalariak lehen zatian erakutsitako jarrera negargarriarekin. Gasteizen alaiago bukatu zuten, baina tonto aurpegia eta amorru aurpegia jarri zuten justizia epaitzen dutenen lana ikusita. Haiek Bartzelonari egindako opariek mina egin zioten Baskoniako zaleari. Mina egin dute Bilbo Basketen eta Lagun Aroren porrotek. Merezitakoak baino gehiago, opariak izan direlako eta tamaina horretako opariek mina ematen dutelako. Min hori behin-behinekoa izan dadila, behintzat.



Lo. 29-49 markagailuan, eta balorazioan, 17-60. Gaizki hasten dena normalean horrela bukatzen dela ere esan genezake, baina Bilbo Basketen gorabeherak ohikoak izaten hasi dira. Ez jokorik, ez defentsarik, ez jarrera onik... Ligako zortzi onenen artean sailkatu nahi duen talde bat ezin da hain erraz belaunikatu, ezin dio hain erraz amore eman. Arazoa joko antolatzailearekin hasi zen berriro: ideiarik gabe jardun zuten Jacksonek eta Rodriguezek, eta nahi eta ezin aritu zen taldea. Ustez Marko Banic da taldeko baliabiderik onena erasoan, eta 11. minutuan egin zuen lehen jaurtiketa. Warrenek sei egin zituen ordurako, eta bakarra sartu. Blumsen bat-bateko beroaldiekin ez da nahikoa, ezta Vasileiadisek azken laurdenean lau hiruko jarraian saskiratzea ere. Ordura arte ez baitzen agertu ere egin.



Atzerapausoa. Hitz gogorra da, baina gauzak diren bezala esan behar dira. Lagun Arok irabazi egin behar zuen Manresan, eta ez zuen irabazi. Manresa talde apala baita, eta gipuzkoarrak beste historia batean baitaude, zorionez. Norgehiagoka irabazita eduki baitzuen -hamasei puntuko aldea-, eta irabaziz gero behin betiko urrunduko baitzuen jaitsieraren mamua. Gaur, mamu hori hor dago. Urrun, baina hor dago zoritxarrez. Lasok zuzendutako taldeak zortzi baloi eman zituen lehen laurdenean, eta 23 partida guztian. Opari asko dira; mina ematen duten opariak. Rodrigo San Migueli azken jokaldian egiten utzi zioten jaurtiketa ere halakoa izan zen. Ez da jokalari txarra, baina atzo Michael Jordanen mozorroa jantzi zuen. Hamabi puntu sartu zituen azken laurdenean. Donostiarren defentsa epelak zerikusia izango zuen erakustaldi horretan, ezta?



Kirol justiziaren inguruan. Sutea sortu zuten Gasteizen De la Maza, Perea eta Cortes epaileek, eta suteari erregaia bota zion Josean Kerejetak partida amaieran... Baita De la Maza bizkaitarrak ere El Correo kazetan atzo. Kerejetak enbidoa: «Epaileek harropuzkeria handiz jokatu dute, zaleak probokatzeko, eta, istilurik gertatu ez bada, zaleek heziketa ona dutelako izan da». De la Mazaren hordagoa: «Bikaina izan zen gure lana. San Emeterioren falta kirolaren aurkakoa da, hori egiteko intentziorik eduki ez bazuen ere, Mickealen kontraerasoa moztu baitzuen». Mickealek ez zeukan baloiaren jabetza, ezinezkoa da jokaldia moztea. Urratsen ingurukoa, honatx: «Baloia jasotzen duzunean oina lurrean baduzu, pauso bakarra geratzen zaizu emateko, ez bi, jendeak uste duen bezala. Huertasen eta San Emeterioren urratsak garbiak dira». Morrisek kontraeraso batean saskia txikitu zuenean urratsak egin al zituen? Jokalariei teknikak adierazteari buruz: «Geuk ere lan didaktikoa egin dezakegu; jokalariei zein arau-hauste egiten duten esan. Zergatik ez?». Jokalari baten atzetik hamar metro egin, eta haren protesta bilatu, teknika bat adierazteko. Lan didaktikoa al da hori? San Emeteriori galdetu behar, hogei segundoz De la Mazaren itzala eduki baitzuen segika.



4

Stanko Baracek jarritako txapelak. Horietakoren bat falta izan zen, baina deigarria da Stanko Barac Baskoniako pibot kroaziarrak ligako pibot sortarik oparo eta aberatsena duen taldearen aurka eman zuen erakustaldia. Bereziki gogoratzeko modukoa, Perovici txapela jarri, baloia berreskuratu, kantxaren beste alderaino eraman eta saskia nola txikitu zuen. Odol eta adore hori beti izango balu...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.