Zonakako defentsa

Mingainean bizarrik ez

Andoni Urbistondo.
2011ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Esaldigintza. Muturreko egoeretan askoz sakonagoak izaten dira hausnarketak, eta askoz mamitsuagoak hausnarketa horien ondorioak. Porrot mingarriak jaso dituzte hiru euskal taldeek asteburuan, eta haien entrenatzaileek esandakoak balantze honetara ekartzea merezi. Norbera minduta sentitzen denean mingainean bizarrik ez duela hitz egiteko joera nabaria baita. Imanol Lazkanorena da esamoldea, eta sentitzen dena natural esateko balio du. Beldurrik gabe hitz egitea. Esaldigintza esango genioke, ogibidez. Honatx adibide batzuk: Dusko Ivanovicena lehena: «Hutsarte bat eskatu dut, taldearen norabidea zuzentzeko. Ez dut lortu, eta hortxe bukatzen da nire lana, erantzukizuna jokalariena da». Fotis Katsikarisek, bigarrena: «Ez dut onartuko taldeak hain jarrera traketsa erakustea, nekea bezalako aitzakia merkeak erabiliz; ez da errepikatuko, zin dagizuet». Eta Pablo Laso, bukatzeko: «Jokalari batzuk ez dira Valladoliden egon. Bederatzi partida geratzen dira, eta ez dut jokalariak lasaitzea onartuko».

Zenbaki beltzak. Negu gorria zen. 2011 urtea hasi berria. Zerua urdin-urdin ikusten zen Donostian, eta sailkapenean laugarren postua, 7-5 balantzearekin. Bi hilabete pasa dira, eta garaipen kopurua apenas hazi da. Bi gehiago. Galdutako partidena, aldiz... 11 galdu ditu Lagun Arok azken hamahiru norgehiagoketatik. Asko galtzea da hori, eta sasoi bukaera gogorra izango da. Gauzak ondo, jaitsiera arriskurik ez dago, beste hiru talde okerrago ari direla eskerrak, eta behekoen presiorik eza eta gorago daudenengana iristeko aukerarik ez, horixe, kirol helbururik gabeko lehiaketa. Buruz hauskorra da Lasoren taldea, eta kolpe pare bat jasotzen dituenean kosta egiten zaio jaikitzea. Bilbo Basket eta Real Madrilen aurka merezi gabe galdu zuen, baina Valladoliden merezita eta zaplazteko pare bat jasota. Taldeko makulu diren asko heren dabiltza, eta entrenatzailea bera ere oso ziur ez. Pasa den sasoiko hamahiru garaipenak gainditzea zen erronka, baina bederatzi partidaren faltan, kopuru hori oso urrun ikusten da.

Etxean otso, kanpoan uso. Baskonia XXI. mendeko liga erregular kaskarrena egiteko bidean da. Bederatzi partida falta dira, oraindik, eta dagoeneko hamar galdu ditu. Horietatik ia denak, bederatzi, etxetik urrun. Datu argigarriago bat: Baskoniak, batez beste, 18,6 puntuko aldeaz galdu ditu etxetik galdutako demak, eta horrek jokalarien zabarkeria erakusten du, borrokatzeko grina falta. Sevilla, Alacant, Valladolid, Fuenlabrada... Muturreko mingarriak jaso ditu denetan. Fuenlabradan emandako itxura arduratzeko modukoa izan da: batasunik gabeko taldea, jokalari batzuk besteekin mokoka, Ivanovic erantzukizun guztia jokalarien bizkar uzten... Jaikiko da, edo itxaropena badago, baina martxoko kolpeek min handia egiten dute, eta apirilekoek edo maiatzekoek zer esanik ez. Orain arte utopia zena forma hartzen ari da pixkanaka. Baskoniak bi garaipenera bakarrik du bederatzigarren postua. Inork gutxik ikusten du Gasteizko taldea titulua lortzeko kanporaketetatik at, baina kontuz, egutegi zaila du eta.

Zaharrak berri. Valentzian pasa zen orain hilabete eskas, eta Malagan larunbatean. Bilbo Basketek bere defentsa ona du arrakasta giltzarri, baina bere defentsa hobetzen duten taldeen aurka komeriak ditu. Eta Unicajak defentsa bikaina egin eta partidatik atera zuen. Kolpeka, gainera. Bizkaitarrak itzali egiten direlako defentsan asmatzen ez dutela jabetzen badira. Unicaja gorantz dator, Jorge Garbajosa fitxatu du, eta modu ulertezinean puntu aldea galtzea arazo larria izan liteke. Beste taldeen emaitzen arabera erabakiko da hori, halere. Taldeak joko antolatzaile postuan daukan gabezia etxean konpondu beharko dute. Josh Fischer galduta dabil, eta Javi Rodriguez haserre. Aaron Jacksonek indarrean segitzen ez badu, kontuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.