Babesa, hausnarketa, autokritika garaia delako Bilbon. Taldeak ez dauka balantze txar-txarra, bost garaipen eta beste hainbeste porrot. Baina zortzi onenen multzotik kanpo dago, eta horrek mina egiten du. Zalantza sendotzen du, konfiantza jo, eta berriro jaikitzea gogorra egiten ari zaie bizkaitarrei. Baskonia datorrelako bihar -12:30ean-, eta Fuenlabrada, CAI Zaragoza eta Bartzelona, urtea bukatzeko.
Vasileadis bera izan da azken partidetan taldea hauspotu duenetako bat, beti aulkitik kantxaratuta. Hirukoak jaurtitzeko abilezia ikaragarria dauka, eta oso azkar egiten du jaurtiketa. Aulkiko hotzetik kantxako berora bezain azkar. Odol berokoa da, eta kantxan egiten dituen gehienak minutu beroak izaten dira.
Ez minutu asko, halere. Hamalau minutu jokatzen ditu partidako greziarrak, kopuru txikia, baina nahikoa batez beste bi hiruko eta bederatzi puntu garrantzitsu saskiratzeko. Minutu kopuruaz galdetuta, kexarik ez du erakusten: «Fotisek inork baino hobeto ezagutzen nau [Fotis Katsikaris taldeko entrenatzailea], eta hamalau minutu ematen badizkit zerbaitegatik izango da. Agian minutu gehiago jokatuta ez nuke hain zenbaki onik lortuko, batek daki». Taldeko pizgarri izatea gustuko du Vasileiadisek, eta asmatzen duen neurrian, gehiago pizten da. Izan puntuak saskiratzen, edo beste jardunen batean.
Bere jardunaz hiztun ari da hegalekoa, eta taldeko jardunaren inguruan ere bai. Kanpotik hamaika arazo edo gabezia ezberdin aipatzen direla esan, eta gaiaren inguruko iritzia eman du: «Badakigu batzuek joko antolatzaileek taldea antolatzeko duten gaitasun eza dutela ahotan. Beste batzuek, gure pibotak espero baino okerrago ari direla. Nire ustez gure joko antolatzaileek taldea laguntzea dute helburu. Baloia ondoen kokatuta dagoen jokalariari ematea, jaurtiketa eginez edota barneraketa bat bilatuz. Ez dutela asmatzen? Saiatzen dira, eta horregatik, pazientzia apur bat eskatuko nieke denei; zaleei eta prentsari».
Partidetako itzalaldiak
Bistan da Vasileiadis ez dagoela ados inguruan esaten denarekin, eta, ondorioz, haren ustez, Bilbo Basketen gaur-gaurko arazorik garrantzitsuena zein den galdetzea, onena: «Akabatu egiten gaituzten hiruzpalau minutu txar horiek esango nuke. Bat-batean partidatik ateratzen gara, eta bueltatzerako sekulako muturrekoa ematen digute». Itzalaldi horietako asko partida hasiera askotan izan dira, baina jokalaria ez da gai zergati zehatz bat emateko: «Ia lan saio guztietan hitz egiten dugu horren inguruan, eta zer esanik ez, partida hasi aurrean. 'Bete-betean hasi behar dugu, gogor' eta beste esaten dizkiogu elkarri, baina gero itzali egiten gara». Beroketetan ere taldea oso kontzentratuta aritzen dela dio Vasileiadisek, eta hotz kantxaratzeak ez duela azalpen errazik.
Eta orduan, zer? «Orduan lana egin, eta entrenatzen garen moduan jokatu, hutsak konpontzen saiatu. Ez dago besterik, eta uneren batean iritsiko da 40 minutu on egingo ditugun ditugun garaia». Greziarrak galdutako partida asko puntu gutxigatik izan direla dio, eta horrek erakusten duela zortzi onenetan dauden taldeen eta Bilbo Basketen artekoa ez dela hainbestekoa. Baskonia bisitari izango dutela baliatuz, honako mezu hau helarazi nahi izan du hegalekoak: «Ez dut uste Baskoniaren eta gure artean sailkapenak dioena bezain tarte handirik dagoenik».
Zalantzarik ez, arabarrak menderatzea gauza handia litzateke. Vasileiadisek Euroligako partida ikusteko asmoa zuen [ostegun eguerdikoa da elkarrizketa], baina emaitzak biharko derbiari begira eraginik ez duela izango uste du: «Baskonia ondo ez dagoela diotenei gogoraraziko nieke jarduneko txapelduna dela, eta ACB ligako liderra. Ondo ez daudela esatea ere... Ondo jokatzen hasten direnean Europako edozein talde menderatzeko gai dira, eta ondo jokatu gabe ere faborito dira edozeinen aurka. Gu gurera; indartsu kantxaratu, eta Baskoniaren jarduna zaildu».
Vasileiadis ziur da Bilbo Basketek Kopa eta titulua lortzeko kanporaketak jokatuko dituela. Horregatik hautatu zuen Bilbo. Nekatu da hara eta hona ibiltzeaz, eta kirol arrakasta baino hoberik ez dago, leku berean urteak egiteko.
Nortasun agiria
Izena. Konstantinos Vasileiadis.Jaioterria. Tesalonika (Grezia).
Jaioteguna. 1984ko martxoaren 15a.
Garaiera. 2,00 metro.
Pisua. 100 kilo.
Postua. Hegalekoa.
Ibilbidea. Paok Salonika (2000-2005), Unicaja (2005-2006), Paok Salonika (2005-2006), Olympiakos (2007-2008), Paok Salonika (2008-2009), Premiata Montegranaro (2009), Xacobeo (2009-2010) eta Bilbo Basket (2010etik).
Garaipen zerrenda. Unicajarekin, ACB ligako txapeldun.
Sasoi honetako estatistikak. Hamalau minutu jokatu ditu batez beste partidako: 8,9 puntu, 1,5 errebote, 0,8 asistentzia eta 6,4 puntuko balorazioa.