Zebreren aurka joan zen astean lortutako garaipenak (38-17) on egin dio Miarritzeri. Bost partida jarraian galdu eta gero, Agilerako taldea berriz garaipenaren bidera itzuli da. Heineken Kopako bi partidak bururatuta, Top 14aren maratoirari ekin beharko dio berriz. Iluntze honetan egokituko zaion aurkari, ordea, ez da edonolakoa.
Top 14a irabazteko faboritoetarik bat den Clermonti egin beharko dio bisita Miarritzek. Frantziarrek liga hasiera aski ona egin dute, haien potentzialak gehiagorako tartea utzi arren. Baina, hitzordu nagusiak iristean, Heineken Kopako lehen bi jardunaldiak kasu, maila igo dute. Beren lehen bi partidak aise irabazi dituzte Ingalaterrako Exeter (46-12) eta Galeseko Llanelliren aurka (49-16).
Emaitzek erakusten dutenez, maila biziki onean aritu da Clermont Europan. Bere sasoi hastapena, forma puntua urrian hartzeko prestatu du. Top 14an, anitzek hobeki ari zitekeela uste arren, bigarren postuan dago, Toulongandiklaupuntura eta Tolosarekin berdinduta. Europan abiada hartu eta gero, bere sasoi onari probetxu atera nahiko dio orain. Gau honetatik hasita.
Miarritzek badaki erronka handia izanen duela gaurkoan. «Makineria bikaina da Clermont» dgoratu du Benoit Babyk, Clermonten aritutako Miarritzeko hegalekoak. «Klase handiko jokalariak ditu, eta klub horretan oso exigentzia handia dago. Zorrotz egiten da lan, esparru guztietan». Zorroztasun horren adierazle, hiru urte pasatxo dira Clermontek bere etxean partidarik galdu ez duela. 2009ko azaroaren galdu zuen bere azken partida Michelinen. Miarritzeren aurka izan zen (13-16).
Gazteak... eta Traille
Miarritze gai izanen ote da ordukoa errepikatzeko? 2009tik gauzak anitz aldatu dira. Clermont, Top 14ko eta Europako erreferentzia bihurtu da, eta Miarritzek arazo gehiago izan ditu. Lapurtarark 8. postuan daude sailkapenean, Europatik at. «Etxean bi aldiz galdu dugu, eta ez daukagu partidak alferrik pasatzen uzterik. Emaitza on bat lortzeko asmoz goaz Clermontera» zehaztu du Jack Isaac entrenatzaileak.
Australiarra fede onez ari bada ere, zaila da Miarritzeren garaipenean sinisten. Hariñordokik eta Yachvilik min hartuta jarraitzen dute. Haiekin batera, eskarmentuko jokalariak faltako zaizkio Miarritzeri, Berquist eta Thion esaterako. Eskerrak, Damien Traille kapitaina ariko den. Haren gidaritzapean, lapurtarrek haien jokalari gazteen ekarpena beharko dute. Lauret, Barraque, Lakafia edo Lesgourguesi izanen da taldearen giderra hartzea.
CLERMONT-MIARRITZE
Clermont. Debaty, Cabelo, Kotze; Jacquet, Pierre; Lapandry, Vermeulen, Bardy; Radoslajevic, Skrela; Nakaitaci, Stanley, King, Rougerie (kap.); Byrne.
Miarritze. Barcella, Hegi, Kodela; E. Lund, Taele; M. Lund, Lakafia, Lauret; Lesgourgues, Barraque; Baby, Traille (kap.), Burotu, Ngwenya; Balshaw..
Lekua. Clermonteko Marcel Michelin (18.000 ikusle).
Orena. 20:50 (Fr. Canal Plus Sport).
Mirakuluaren bila, ahulduta
Miarritzek oso partida zaila du Clermonten, jokalari anitzen hutsunea kudeatu beharko baitu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu