Lourdesen badago energia bereziren bat. Fededunak ez direnak ere zalantza txiki batekin geratuko ziren atzo. Txiki-txiki batekin bai, behintzat. Horrelako egunetan zoragarria da txirrindularitza. Malko eta guzti, zoragarria. Irabazle bakoitzaren ondoan beti egoten da galtzaile bat. Atzo ere bai. Baina horregatik da hain ederra txirrindularitza atzokoaren moduko egunetan. Miraria hitzaren ondoan Thor Hushovd (Garmin-Cervela) izena jarri beharko da aurrerantzean. Berezko esprinter bat Aubisquen gora erasoka. Beteta gero. Ero-ero beheraka. Ikusgarri ordekan. Eta bi besoak altxatuta helmugan. Lourdesen badago energia bereziren bat.
Pirinioetako bi etapa gogor-gogorren erdian, ihesaldietarako aproposa zen atzokoa, Paue eta Lourdes artekoa. Aubisque tentea zeukan erdian trantsizio etapak, baina 42,5 kilometro luze zeuden gainetik helmugaraino. Gehiegi, faboritoen arteko sua pizteko. Philippe Gilbertek (Omega Pharma-Lotto) salbu, beste inork ez zuen keinurik txikiena ere egin. Eta belgikarraren joak miraritik ere badauka zerbait. Sailkapen nagusiko lehen hamar postuekin eta maillot berdearekin itsututa dabil klasikozalea, eta ikuskizuna ematen ari da kilometro bakoitzean. Atzo ere Aubisquen behera jo zuen erasoa, eta ia minutua kendu zion tropelari. Bederatzigarren jarri da sailkapen nagusian, eta egurrean jarraituko duen itxura guztia dauka.
Baina benetako egurra ihesaldian sartu ziren hamar txirrindulariek eman eta hartu zuten atzo. Eroa izan zen etapa hasiera, jakina zelako ihesaldiak arrakasta edukiko zuela mirarien herrian. Ondorioa argia izan zen: 49 kilometro egin zituzten lehen ordubetean. Erritmo horri eutsiko dionik ez dago, eta Belair eguneko bigarren mendate etzana igotzen hasterako sortu zen ihesaldia. Klasea eskatzen zuen atzoko etapak, eta klasea zegoen aurreko taldetxoan: Edvald Boasson Hagen (Sky), David Moncoutie (Cofidis), Hushovd, Alessandro Petacchi (Lampre), Vladimir Gusev (Katuxa), Jerome Pineau (Quick Step), Lars Bak (Highroad), Jeremy Roy (Francaise des Jeux), Dmitri Fofonov (Astana) eta Maarten Tjallingii (Rabobank) joan ziren ihesean.
Sei minututik gorako aldearekin hasi ziren Aubisque igotzen. Eta hor hasi zen gorpuzten eguneko miraria. Errepidea gogortzearekin batera, Hushovd esprinterrak jo zuen erasoa, eta inor ez zen gai izan bere erritmoari eusteko. Mendate luzea da, ordea, Aubisque (16,4 kilometro), eta Royk zentzua eman zion igotzaileen eta esprinterren arteko berezko aldeari. Erritmo bizi-bizia jarrita, bakar-bakarrik igaro zen Aubisqueko pankartapetik. 52 segundora zihoan Moncoutie, lehertuta; 2.05era Hushovd, beherakoan dena emateko borondatearekin; eta zortzi minutura tropel nagusia, Europcar buruan jarrita.
500 metroko tartean, bi kolpe
Jaitsiera arriskutsua dauka Aubisquek, eta Lourdesko miraria buruan, arriskatu egin zuen frantziarrak. Seigarrenez sartu zen atzo ihesaldi batean, eta, urrutira joan gabe, herenegun ere ihesean egin zuen etapa guztia. 28 urte beteta, aspertu egiten da tropelaren babesean. Helmugara iristeko 25 kilometro eskas falta zirenean, bere kirol ibilbideko arrakastarik handienaren atarian zegoen frantziarra. Baina esprinter, klasikozale, igotzaile, txapeldun batek utzi zuen malkotan.
Hushovdek harrapatu egin zuen Moncoutie beherakoan, eta erakustaldia eman zuen ordekako hamahiru kilometroetan. Hiru kilometroko pankartapean eman zion Hushovdek kolpea Moncoutieri, eta 500 metro aurrerago Royri. Ikaragarria. Lourdesen badago energia bereziren bat. Esprinterrak igotzaile bihurtzen dituen energia. Horrelako egunetan zoragarria da txirrindularitza. Royren malko eta guzti, zoragarria.
Plateau de Beille maila bereziko mendatean amaituko da gaur Pirinioetako azken etapa.
Txirrindularitza. Frantziako Tourra
Miraria... malkotan urtuta
Thor Hushovd norvegiarrak irabazi du Pirinioetako bigarren etapa, azken kilometroetan erakustaldia emanda
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu