Gaur arratsaldeko partida Jose Antonio Camachok Osasuna zuzentzen duen lehendabiziko partida gisa gogoratuko dute zaleek. Camachok ikusmin handia eragin duela ukatzerik ez dago, Taxoaren inoiz baino zale gehiago izan baitira aste honetan, entrenamenduak ikusten. Eta estraineko partidan irabazi egin nahi du entrenatzaile espainiarrak, nahiz eta miraririk egiten ez duela argi utzi zuen atzo badaezpada. Jokalariak behar bezala ez ditu ezagutzen Camachok oraindik, eta deialdia osatzeko etxeko teknikarien gomendioak aintzat hartu dituela ere onartu zuen atzo Espainiako hautatzaile ohiak: «Ni ez naiz fenomeno bat, eta ezin dut dena jakin hiru egunetan», esan zuen. Halere, Zigandaren garaiekin alderatuz gero, berritasunik ez da faltako Gijonen: aspaldiko partez, norgehiagoka bat bi aurrelari petorekin hasiko du Osasunak, eta Fontek, Ezquerrok, Solak eta Portillok hasieratik joka dezakete, Nekunam, Plasil, Masoud eta Dadyren kaltetan.
Hamaikakoa ez zuen baieztatu Camachok, dena dela: «Hamaikakoak ez ditut ezkutatzen, baina nork jokatuko duen ere ez dizuet esango nik», esan zuen atzo entrenatzaile espainiarrak. Irango selekzioarekin izan ostean, Nekunamek eta Masoudek atzo egin zuten taldekideekin azken bi asteetako lehendabiziko entrenamendua, eta ez zuten lan guztia egin, gainera. Camachok fisikoki ondo ikusten badu, Nekunamek hamaikakoan jarraitu ahal du Fonten kaltetan.
Azken lau partidetan golik ez du sartu Osasunak, eta Liga hasiz gerotik jokatutako sei partidetan bi gol besterik ez dituzte sartu gorritxoek. Horrexegatik, Camachoren lehen egunetan erremateak landu dituzte batik bat jokalariek, eta argi dago gola sartzea dela helburuetako bat gaur arratsaldean: «Defentsan ari garenean defendatzea da helburu bakarra, baina erasoan ari garenean erasoak izan behar du lehentasun bakarra, ezin dugu aurkarien hutsen zain egon. Golik sartu gabe ez dago irabazterik, eta garaipenek ematen dute konfiantza futbolean. Golak sartu behar ditugula esateagatik taldea baldintzatzen ari naizenik ez dut uste, derrigorrezkoa da golak sartzea futbolean, bat sartuz gero aurkaria bi sartzera behartzen baituzu», esan zuen atzo Camachok Taxoaren.
Entrenatzaile espainiarrak irabazi egin nahi du bere estreinako norgehiagokan, baina miraririk ez duela egiten argi utzi nahi izan zuen beste behin: «Nik ez dut miraririk egiten, taldea zuzenduko dut eta irabaztea nahi dut, noski. Nire esku dagoen guztia jarriko dut hori hala izateko, baina jardunaldi honetan ez badugu irabazten, lanean jarraituko dugu eta aurrerago irabaziko dugu», adierazi zuen.
Oier zelaian, Tiago aulkian
Natxo Monrealek min hartuta jarraitzen du, eta Oier Sanjurjo ederki ari da aukera baliatzen, nahiz eta ezker hegaleko jokalaria izan ez. Tiago Gomes portugesa da Monrealen ordezkoa, baina udan Benficatik fitxatutako jokalaria ez zuen sasoi onean ikusi Zigandak, eta osasunazaleek ezin izan dute portugesaren jokoa ikusi ere egin. Camachok ondo ezagutzen du Tiago, Benfica hiru denboralditan zuzendu baitu entrenatzaile espainiarrak. Halere, iragan sasoian Tiago Poloniako Ligara bidali zuen utzita Camachok, eta Osasunan ere ez dio konfiantzarik emango hasieratik. Portugesa lehendabiziko aldiz Ligako partida baterako deialdian sartu zuen atzo Camachok, baina Oier Sanjurjok jokatzen jarraituko du ezker hegalean.
Sportingek hiru puntu besterik ez du, eta Manolo Preciadoren mutilak Osasunaren atzetik dira sailkapenean. Halere, azken partidan -urriaren 5ean- Mallorcan irabazi eta gero, konfiantzaz gainezka egongo dira gaur.
Ni ez naiz fenomeno bat, eta ezin dut taldeari buruzko dena jakinhiru egunetan»
«Gaur ez badugu irabazten, lanean segituko dugu, eta aurrerago irabaziko dugu»
jose antonio camacho
Osasunako entrenatzailea
Miraririk ez du agintzen Jose Antonio Camachok
4-4-2ko joko sistema erabiliko du berriz eta lau aldaketa egin ditzake hamaikakoan entrenatzaile berriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu