Miribillak du azken hitza

Uxue Bilbo Basketek Baskoniaren aurkako derbia irabazi beharra dauka gaur laugarren postura gerturatzeko

Lampe eta Nocioni Baskoniakoak, Hamilton Bilbo Basketekoarekin lehian, Gasteizen. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2013ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Sailkapeneko laugarren postua eskuratzeko aukera izan nahi du oraindik Uxue Bilbo Basketek gaur (20:00), Miribillan, Laboral Kutxa Baskoniaren aurkako partida irabazita. 29. jardunaldiari dagokion partida jokatuko dute, Bilboko taldea Eurokopako finalean zela-eta atzeratutakoa. Laugarren postu horrek sari bikoitza izan dezake Uxue Bilbo Basketentzat; bata bestea bezain garrantzitsua. Batetik, titulurako kanporaketetan kantxafaktorea alde edukiko luke, eta, bestetik, Euroligan sartzeko aukeraren bat ere izan dezake. Azken partidetan ezinbesteko bilakatu da Miribilla pabiloia, eta titulurako kanporaketetan ere taldearen norantza zein izango den erabaki dezake.

Bilbotarrek Eurokopako finalean izandako porrota psikologikoki ongi barneratu dutela dirudi. Burua ligako azken txanpan dute, eta kontuan eduki behar dabi jardunaldi barru Valentziaren aurka ariko direla Miribillan. Baina ezin dute hutsik egin bitartean. Lehia horretan erabaki daiteke Uxue Bilbo Basketek laugarren ala bosgarren amaituko duen. Grimau ez da ariko, eta zalantzan dira Vasileiadis, Moerman, Rakovic eta Samb.

Kirol arlotik kanpo, Sergio Castro Uxue enpresako presidenteak atzo adierazi zuen maiatzaren 17an eta ekainaren 12an ordainduko dituztela 900.000 euroak —600.000 euro lehenengo, eta 300.000 euro gero—. Iazko urtea «oso txarra» izan zela onartu arren, hurrengo denboraldietan ere taldea babesten jarraituko dutela baieztatu zuen Castrok.

Laboral Kutxarentzat, berriz, partidak ez du aparteko garrantzirik. Joan den asteburuan bigarren postua ziurtatu zuten Fuenlabradan —Bartzelonak Madrilen galdu izanari esker—, eta titulurako kanporaketetan dute jada burua. Moskuko CSKAren aurka Euroligan izandako porrota ere ahaztu beharra daukate. Egun, liga da Zan Tabaken jokalarien helburu bakarra. Dena den, gaurkoa proba gogorra izango da, bi taldeek elkarren aurka jokatzen duten bakoitzean parekotasuna izaten baita nagusi. Lehen itzuliko partidan agerian geratu zen hori. Gasteiztarrek puntu bakar baten aldearekin irabazi zuten Buesa Arenan (81-80).

BILBO BASKET-BASKONIA

Uxue Bilbo Basket. Zisis, Rakovic, Pilepic, Hamilton, Mumbru, Hervelle, Moerman, Lopez eta Samb.

Laboral Kutxa Baskonia. Cook, Heurtel, Causeur, Jelinek, Nocioni, San Emeterio, Nemanja Bjelica, Milko Bjelica, Pleiss eta Lampe.

Epaileak. Conde, Jimenez eta Perez Niz.

Sailkapena. Uxue Bilbo Basket 5. dago (18-12), eta Laboral Kutxa Baskonia 2. (23-7).

Lekua. Miribilla pabiloia (10.000 ikusle).

Ordua. 20:00.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.