Saskibaloia. Euroligako final-laurdenak

Miribillak merezi du

Gescrap Bizkaiak binakoa lortu nahi du kanporaketan, datorren astean, Moskun, Lauko Finalerako sailkatzen saiatzekoCSKAren susperaldia espero da, Bilbon garaile irtetea zaila dela ikusi zuelako

Andoni Urbistondo.
2012ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Interpretazio asko egin dira. Bakoitzak berea, noski, baina ezin ukatu Gescrap Bizkaiak urduritu egin duela CSKA Mosku. Errusiarrak hegazkineko motorra itzali gabe iritsi ziren Miribillara, partida eta kanporaketa 3-0 lehenbailehen bukatueta etxera ziztu batean bueltatzeko. Hegazkineko pilotuak, ordea, espero ez zuen deia jaso zuen iluntzeko bederatziak aldera. Motorra itzali eta hotelera joateko, taldeak partida galdu zuela. Nola, gainera.

Hamahiru puntu eta hogei punturen aldea izatetik gertu, laugarren laurdenean. CSKA puztu samar etorri zela diote mihi gaiztoek, Bizkaia izerditu gabe menderatuko zuela pentsatuta, Moskun lortutako bi garaipen errazak gogoan. Miribilla efektuaren berri bazutela esan zuen Andrei Kirilenko izarrak, baina ez zuten pentsatzen hainbesterako izango zela. Asko bultzatu zutelako zaleek. Kanpoko taldearen aldeko joera nabaria erakutsi zuten, epaileak presionatuz eta euren jokalariak tinko hauspotuz, Europako talde handiena hankapean zerabiltela sinetsi ezinda.

Asteazkeneko partidaren osteko prentsaurrekoan tentsio handia sumatu zen. Kazetariek Jonas Kazlauskasi Gescrapen gogortasunari buruz esandakoak gogoratu zizkioten, eta deseroso mintzatu zen entrenatzaile lituaniarra. Agerian geratu zen ez zuela espero galtzea, partida bukatu baino lehen epelak bota zizkielako bere jokalari batzuei. Defentsan egin zituzten hutsengatik, batez ere. Belarriak berotuta joan ziren Milos Teodosic bera, Andrei Vorontsevitx gaztea eta Jamont Gordon.

Partida aztertu, eta Kirilenkok eta Nenad Krsticek bakarrik eman zuten espero den neurria. Kirilenkori hamar falta adierazi zizkioten, eta Krsticek ere, behin saskipean posizioa irabazita, bere saskiratzea galaraztea aski zaila dela erakutsi zuen berriro. Hortik aurrera, ordea, gauza gutxi. Fotis Katsikarisek esana zuen euren helburua Teodosicen gidaritza eta joko irekia egiten duten hegaleko garaien eragina murriztea zela, Viktor Khriapa eta Kirilenkorena, batez ere. Teodosic kamustu zuten, eta CSKAk arazo franko izan zituen joko landua egiteko. Khriapa ere nahi eta ezin aritu zen, eta esan beharrik ere ez dago Bizkaia gaur berriro gauza bera egiten saiatuko dela, Khriapak eta Kirilenkok kanpotik asmatzen badute jai dagoelako.

Motorra eta arima

Dagoeneko ez dago sekretu handirik bi taldeen artean. Bideoak mila aldiz ikuskatu dituzte teknikariek eta haien laguntzaileek, eta zaila da ezustekoren bat egotea. Katsikarisek errebotea babesteko eskatu zien bere jokalariei, eta hala egin zuten. Erasoan ez du buruko min handirik izango. Baloia Aaron Jacksoni eman, eta berak erabaki dezala zer egin. Konfiantza handiarekin dagoelako, fresko fisikoki. Erabakigarri sentitzen da, eta Teodosicen pare aritu zen asteazkenean. Taldeko motorra da, eta indartsu dago.

Kostas Vasileiadis da gertutik jarraitu beharreko beste jokalari bat. Bero-bero kantxaratu zen asteazkenean, eta hiru hiruko on sartu. Euroligak hirugarren jardunaldiko jokalari onena izendatu dute, eta partida hauts dezake bere kabuz. Jackson motorra da, eta Vasileiadis, arima.

GESCRAP BIZKAIA-CSKA

Txapelketa. Euroligako final-laurdenetako laugarren partida. CSKA Mosku 1-2 da aurretik.

Gescrap Bizkaia. Jackson, Raul Lopez, Blums, Grimau, Vasileiadis, Mumbru, Banic, Hervelle, Samb, Mavroeidis eta D'Or Fischer.

CSKA Mosku. Teodosic, Gordon, Voronov, Xved, Siskauskas, Vorontsevitx, Khriapa, Kirilenko, Lavrinovic, Kaun eta Krstic.

Lekua. Bilbo Arena (10.600 ikusle).

Ordua. 20:30 (ETB1).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.