Iparkorearrak balentria errepikatzekotan egon ziren final-laurdenetan, noren aurka eta Eusebio handiaren Portugalen aurka. Partidako 22. minutuan 3-0 zen aurretik Ipar Korea. Gertu zirudien miraria, bigarrena egun gutxitan. Baina ez. Eusebiok bizkarrean hartu zuen Portugal, eta bere golei esker buelta emanzion partidari. 5-3 irabazi zuen Portugalek, eta Eusebiok hiru gol sartu zituen. Ipar Koreak etxera bueltatu behar izan zuen, baina han, heroien moduan hartu zituzten taldeko kideak. Ez zen gutxiagorako, parte hartu zuen lehen ekitaldian protagonista izan baitzen.
Urte asko joan dira ordutik, eta mundua asko aldatu da. Ez horrenbeste Ipar Korean. Inor gutxik daki zer gertatzen den Piongiangen, Ipar Koreako hiriburuan. Ezjakintasun bera dago Hegoafrikan ariko den selekzioaren inguruan. Zaila da Kim Jong-Hunek zuzentzen duen taldeaz datu zehatzak lortzea. Dena dago misterioz inguraturik. Selekzioko jokalari gehienak bertako Ligan jokatzen dutela, defentsa ona duela eta jokalari bizi eta nekaezinak dituela, horiek dira Ipar Korearen inguruan dauden datu apurrak.
Misterioak misterio, 1966an egindako balentriaren parekoa litzateke Ipar Koreak Hegoafrikan lehen ligaxka gainditzea, are gehiago egokitu zaion multzoa kontuan hartuta. Munduko Kopara iritsi aurretik jokatu dituen lagunarteko neurketetan, gainera, oso maila eskasa eman du.
Historian
Txapelketa. Postua.1966. 1/4
Sailkatzeko
Taldea. Puntuak.1. Hego Korea 16 puntu
2. Ipar Korea 12 pt.
3. Saudi Arabia 12 pt.
4. Iran 11 pt.
5. A. Emirerri Batuak 1 pt.