Mito bilakatu dira

Espainiak bigarrenez jarraian irabazi du urrea Europako Txapelketan, eta Jugoslavia zenak lortutakoa errepikatu. Hankapean ibili zuen Frantzia finalean, eta gaur-gaurkoz, Londresen ere nagusi izateko hautagai da.

Andoni Urbistondo.
2011ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Igandea, gaueko 10ak aldera: «Onak dituk». Mezua sakelekoan, lankide batena. Handik gutxira, bigarrena: «Zergatik dira hain onak?». Saskibaloi kazetari batena. «Ezin da hobeto jokatu. Antzera jokatzen badute, urrea irabaziko dute Londresko Olinpiar Jokoetan». Lagun Aroko jokalari baten iruzkina. Espainiak hamaikagarren erakustaldia eman zuen igande gauean Kaunasen (Lituania), eta bigarrenez jarraian urrezko domina irabazi Europako Saskibaloi Txapelketan. Inork ez zuen halakorik egiten Jugoslavia ohiak lortu zuenetik, 1995 eta 1997 urteetan, eta horregatik, Espainiako selekzioa mito bilakatzeko bidean da.

90eko hamarkadako Jugoslavia hura inoiz errepikatu ezin zen selekziotzat jo zelako. Plavi-en elastiko jantzi zuten izar distiratsuenak dira honako hauek: Sasha Djordevic, Drazen Petrovic, Predrag Danilovic, Toni Kukoc, Dejan Bodiroga, Zarko Paspalj, Zeljko Rebraca, Vlade Divac... Guztiak Dusan Ivkovic buru zutela. Espainiak lortu du, eta Pau Gasolek lau urte lehenago Madrilen egin zuen jaurtiketa hura sartu izan balitz, hiru urre izango lituzke lepoan, bi izan beharrean.

Epel ekin zion Espainiak, Poloniaren aurka, eta Turkiaren aurkako akatsak zalantzak eragin zituen. Kanporaketetan, ordea, hankapean ibili ditu aurkari guztiak: Eslovenia, Mazedonia eta Frantzia. Garaiezinak dira, dena daukatelako. Joko antolatzaile bikaina: Calderon. Europako eskolta onena: Navarro. NBAko talde txapeldunean jokatuko duen hegaleko bat: Rudy Fernandez. Bukatzeko, bi anaia, bi harribitxi, 215 zentimetroko bi morrosko: Pau eta Marc Gasol, joko antolatzaile arima duten pibotak.

Intimidazio apur bat falta zuten, baina Serge Ibaka afrikarra fitxatu dute. Ikaragarria Kongoko atletak finalean egin zuena. Bost txapel jarri zituen lau minutuan. Erakustaldi fisikoa. Nola baloratu ia batere jokatu ez eta final handian Tony Parker lehortu zuen Victor Sada? Taldea izenen gainetik. Helburu orokorra, norberarenaren gainetik. Finaleko jokaldi batek islatzen du Espainiak ze ondo jokatzen duen saskibaloian, talde lanari ematen dion balio handia. Frantzia sei puntura markagailuan, eta zonakako defentsa itogarria. Marc Gasoleko blokeoa Navarrori. Eskoltak jarraipena egin Marc Gasolekin, eta horrek baloia Pau anaiari hark saskia txikitu zezan. Dotorea, Frantziaren ezinaren erakusle.

Europa eta munduko txapelduna izandako belaunaldiarena da aginte-makila. Olinpiar Jokoetako urrea bakarrik falta zaie, baina 11 hilabete barru izanen dute kitarakoa hartzeko aukera, Londresen (2012ko abuztuaren 12an izanen da finala). AEBen aurka izan beharko luke, normalean, Argentinako urrezko belaunaldiaren baimenarekin.

Navarro izendatu dute txapelketako jokalari onena, merezimendu osoz. 30 puntu saskiratu ditu batez beste kanporaketetan. Talentua fisikoa baino erabakigarriagoa dela ikusi da berriro. Bob McCalebb, Parker, Andrei Kirilenko eta Pau Gasol izan ditu lagun bosteko onenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.