Mohamed Kone fitxatu du Lagun Arok, Boli Kostako 2,11ko pibot garaia

29 urte ditu, urte baterako fitxatu du, eta Doblas eta Mirallesen postua osatzeko asmoz ekarri dute Donostiara

Andoni Urbistondo.
Donostia
2010eko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Lagun Arok saskipea indartzea erabaki du. Mohamed Kone pibot garaia fitxatu du urtebeterako, eta gaur-gaurkoz David Doblas eta Albert Mirallesek betetzen duten tokia osatuko du 211 zentimetro luze den morroskoak. Kone Boli Kostakoa da jaiotzez, baina herritartasun bikoitza du: jaioterrikoa eta Frantziakoa. Herrialde horretan egin du bidea, hain zuzen ere, 29 urteko jokalariak, Roanne Basket taldean. Azken denboraldian Turkiako bi taldetan jokatu du: Antalya Buyuksehir eta Erdemirspor Belediyesi. 20 minutu jokatu ditu batez beste partidako talde horretan, eta 7,7 puntu eta sei errebote lortu.

Konek Afrikako saskibaloi jokalarien traza dauka. Garaia, baina arina, ez oso astuna. Gihartsua da, eta txapelak jartzen nahiko ondo moldatzen da. Doblas eta Kone dira, gaur-gaurkoz, Lagun Aroko saskipeko jokalariak. Mirallesi eskaintza bat egin dio, baina tanteo-eskubidea ziurtatzeko. Mirallesek beste eskaintza batzuk ditu, baina Lagun Arok onena berdintzeko aukera izango du beti.

Splitterren zain

ACB ligako beste bi euskal taldeak ere hasi dira mugitzen. Bilbo Basketek hiru jokalari fitxatu ditu dagoeneko: Aaron Jackson, Dimitrios Mavroeidis eta Kostas Vassileiadis. Axel Hervelle lotzea da lehentasuna orain, eta, zurrumurruen arabera, Ibrahim Jaaber eta Matt Nielsen fitxatzeko asmotan dabil Bizkaiko taldea.

Baskoniari dagokionez, taldea Tiago Splitterrek hartuko duen erabakiaren zain dago. Ia-ia ziurra da brasildarrak NBAn jokatzeko erabakia hartuko duela, baina erabaki hori irmoa izan arte, taldeak ez du mugimendu handirik egingo. Splitter ordezkaezina delako eta taldea uzten badu zenbat diru jasoko duen jakingo duelako. Uztailaren 15a da azken muga, eta azken berrien arabera, San Antoniok 5 milioi dolar eskaini dizkio urteko Splitterri. Hura ordezkatzeko izen asko dabiltza bolo-bolo Gasteizen: Raduljica, Fesenko, Petxerov, Batista, Mario Kasun...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.