Adarraga pilotalekuan izan ziren pilotazaleek ikuskizun tristea ikusi zuten atzo. Sanmateoetako torneoko partidaren erdi aldera, 10-4 galtzen ari zenean, Pablo Berasaluzek eskuin eskuko ahurrean zauria egin zuen aizto batekin takoak atontzen ari zenean. Zauri handia egin zuen, odola eragiterainokoa. Berrizkoak jokatzen jarraitzea erabaki zuen, baina ebakiak eta eskuko minak partida baldintzatu zuten, eta Titinek eta Merinok garaipen erraza lortu zuten. Tanto aldeari esker oraindik ere finalerako sailkatzeko aukerak dituzte, betiere Berasaluzeren ordezkoak eta Apraizek bihar Bengoetxea VI.ari eta Ruizi irabazten badiete.
Otartekoaren ferian atzo amu erakargarria jarri zieten Errioxako zaleei. Titin eta Merino II.a gaztea, Barriolaren ordez hori, batera. Bi errioxar aspaldiko partez, eta erronka bat. Baina ez zen espero zenik dastatu. Otarteko mokadu eskasa izan zen: sardinak gaziak zauden, eta piperozpinak garratzak, oso garratzak. Halere, eta ikusleen gozagarri, Aspeko bikotea oso ondo hasi zen, 10-4 irabaziz,baina hor amaitu zen lehia. Nabarmetzekoa da ordura arte Titin eta Merino aurkariak baino askoz gehiago izan zirela.
Berasaluzek eskuetako takoetan bilatu zuen hasiera kaskarrerako konponbidea, eta presaren poderioz zauria egin zuen. Aldageletan paperezko puntuak zinta elastiko batzuekin babestu zizkioten, odol isuria eteteko. Eskua probatu eta jarraitzea erabaki zuen, baina hobe zuen partida bertan behera utzi izan balu. Bukatu berritan, Iñigo Simon Asegarceko medikuak ezinezkotzat jo zuen Berrizkoak bihar jokatu ahal izatea. «Odol jarioa eten behar zaio, eta puntu batzuk eman beharko dizkiogu. Gainera eskuaren hanturarekin litekeena da gero berriz ere odoletan hastea. Ezingo du bihar jokatu».
Diagnosia beroan egindakoa zen, aldagelan, baina eskuaren egoerak asko aldatu beharko luke bihar kantxaratu ahal izateko. Aurrera begira, ikusi beharko da, Bengoetxea VI.aren aurkako lau t'erdiko Nitro torneoko Zallako partida jokatzeko garaiz sendatuko den ala ez. Urriaren 2ra arteko epea du. Gai berean, torneo laburreko beste finalerdia, Irujo eta Barriolaren artekoa, jaialdi berean jokatuko da.
Sanmateoetako torneoak gaur ezagutuko du finalean ariko den aurreneko bikotea (19:15). Martinzs de Irujok eta Pascualek, Saralegi eta Beginoren aurka jokatuko dute. Ligaxkako azkenekoa finalerdi petoa izango da, biek irabazi baitituzte lehen partidak eta irabazlea finalean ariko da.
Titin III.a-Merino II.a 22
Berasaluze VIII.a- Apraiz 4
Iraupena. 40 minutu.
Pilotakadak. 245.
Saketik. Titin III.ak 2; Berasaluze VIII.ak alerik ere ez.
Markagailua. 1-1, 2-1, 4-1, 4-2, 4-3, 4-4 eta 22-4.
Bestelakoak. Giro ona Adarragako pilotalekuan.
Mokadu garratza
Berasaluze VIII.ak esku ahurrean zauria egin du takoak atontzen ari zela, eta erabat baldintzatu du sanmateoetako lehia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu