Golak: 1-0: Brunok (44. min.); 1-1: Raul Garciak (71. min). Epailea: Turienzo Alvarez. Txartel horia Osasunako Ibrari eta Nekunami eta Vila-Realeko Wakasori. Bestelakoak: 22.000 ikusle El Madrigaleko estadioan.
Europako mugak Iruñetik distantzia berdinera jarraitzen du. Osasunazaleek bazekiten atzo mapetan pixka bat urrunago agertzeko arriskua zegoela. Bitxikeri topografikoa da, are gehiago gaurko emaitzak aldekoak ez badira. Iragan astean Europa Ligarako postuetatik irten ondoren Osasuna berriz ere gora egiteko aukera zuen atzo, eta mokadutxo bat hartu zuen Vila-realen Raul Garciaren gol bikainari esker. Ez zuen gosea kendu, baina puntu ona da etxean irabaziz gero, eta egutegia itxaropentsu izateko modukoa da.
Liga bukaera aldapa gora egiten ari zaio Osasunari, freskotasuna eta eraginkortasuna galdu baitu. El Madrigalen sumatu zen, baina Osasunak aurkariaren premiaren bizkar hartu zuen arnas. Erasoko argia itzaltzen ari zenean zaleen kutuna agertu zen, ligako hamargarren gola sartuz. Osasunak Valentzian jokatuko du asteazkenean, eta Reala eta Racingen aurka bukatuko du liga. Sei puntu izango dira. Gero ere litekeena da zazpigarren sailkatua ere Europan sartzea. Baikorra izatea zilegi da, eta atzoko puntuak urre gorrizkoa izan dezake.
Osasunak ondo ekin zion lehen zatiari. Baloia bi taldeen artean banatu zuten, baina nafarrek zentzu eta sakontasun gehiagorekin ibili zuten. Lehen zatian joko baino erritmo askoz gehiago egon zen. Vila-realek premia larria zuen. Sporting hiru puntura hurreratu baitzitzaion, eta presaka hasi zen. Osasuna, aldiz, lasaiago, baina kosta egin zitzaion jokaldi landuak osatzea. Dena den, gorritxoek izan zuten lehen aukera ona, Diego Lopezek urrundu zuen Ninoren jaurtiketan (20. min).
Minutuek aurrera egin ahala jokoaren norabidea aldatu egin zen, eta Vila-real hasi zen erasoan. Etxekoek gola laztandu zuten Rubenek jokaldi landu batean Costaren erdiraketa zutoinera bidali zuenean (33. min). Minutu erdi geroago, baina, Nekunam izan zen areaz kanpoko jaurtiketa zutoinera bidali zuena. Jokoa bizitzen ari zen, eta Vila-realek erosoago zirudien. Lotinak defentsa lana lehenetsi arren, baloia ondo tratatzea Vila-realen erraietan dago, eta joera hori azaleratu zen. Gola ere jokaldi landu batean iritsi zen. Sennak bukatu zuen, areaz kanpotik, Andres Fernandezek, baina, ez zuen gelditu eta aldaratzea Brunori iritsi zitzaion. Punta-erdi trebeak jaurtiketa dotore batekin bidali zuen sareetara (44. min). Osasunako atzeko lerroa oso gaizki egon zen, Bertran eta Lolo begira baitzeuden.
Bigarren zatiaren hasieran Vila-Real gehiago izan zen, eta Valerok aukera bikaina izan zuen (49. min), baina Fernandezek ondo gelditu zuen. Apurka Osasuna hazi egin zen. Ligako azken bi partidetan Vila-real aurretik hasi arren, ez zuen garaipenik lortu eta beldur hori azaleratu egin zen. Osasuna erosoago jokatzen hasi zenean azaleratu zen Raul Garciaren talentua. Gol bikaina sartu zuen, ligako hamargarrena (71. min). Eskuinez jo zuen, areaz kanpotik eta oinaren kanpo aldearekin. Kurpilak ezerezean utzi zuen Diego Lopezen jauzia. Azken minutuetan partida ez zen itxi, baina bazirudien bi teknikariek ontzat eman zutela puntua.
VILA-REAL 1. OSASUNA 1
Mokadutxo on bat
Osasuna eta Vila-real konforme gelditu dira lorturiko puntuarekin, bietako inor ez baita izan aurkaria baino askoz gehiagoGorritxoak Europa Ligako postuetara gerturatu dira, eta egutegi ona dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu