Molde berria pizgarri gisa

Giroak etapa labur eta leunagoak izango ditu datorren urtean. Erlojuaren aurka 68 kilometro egingo dituzte, bi saiotan banatuta. Emakumezkoen lasterketa ere RCS enpresak antolatuko du

Molde berria pizgarri gisa.
enaut agirrebengoa
2023ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Gogorra izango da datorren urteko Italiako Giroa; ez, ordea, ohi bezain malkartsua. Pizgarri baten beharra zuen lasterketak, mendiko etapa luzeetan ez baita ikuskizun handirik izan azken urteetan. Gainera, faboritoek indarrak gordetzeko hautua egin izan dute, gogortasuna azken astean egon baita metatuta. Horiek horrela, formulaz aldatu dute antolatzaileek datorren urtera begira: azken txanpa ez da horren bortitza izango, eta, kontrara, hasierak ez du inor epel utziko. Erlojupekoak oso garrantzitsuak izango dira: ia 70 kilometro egingo dituzte bakarka. Aldiz, 200 kilometrotik gorako lau etapa jokatuko dira bakarrik. Ziklistek erasorako gogoz jardutea eta lasterketa irekiagoa izatea da antolatzaileen nahia.

Gizonezkoen Giroa RCS Sport enpresak antolatzen du 2013az geroztik, eta emakumezkoena ere antolatuko du datorren urtetik aurrera. Atzo aurkeztu zituzten bi lasterketak, Trenton egin zen ekitaldian, baina soilik gizonezkoen ibilbidearen berri eman zuten.

Tropela maiatzaren 4an lotuko zaio lehiari, eta 42.900 metroko desnibel metatua gainditu beharko du, azken urteetan baino dezentez gutxiago: 52.000 metro inguru izan ziren iaz, eta 51.000 metro duela bi urte. Hala ere, Giroaren esentzia ez da guztiz galduko, eta lasterketa irabazi nahi duenak maldan gora ondo moldatu beharko du. Stelvio izango da mendaterik garaiena, baina ez du aparteko eraginik izango, 16. etaparen hasieran igoko baitute. Apaingarria izango da, mugarria baino gehiago. Mendaterik erabakigarrienak Prati di Tivo, Forcola di Livigno, Brocon eta Grappa izan daitezke. Guztira sei etapa bukatuko dira mendate batean. Erlojupekoek eta 6. etapako lurbideek ere ibilbidea mamituko dute.

Historian laugarrenez, Giroa Piemonte eskualdean abiatuko da. Lehen etapak Venaria Reale eta Turin lotuko ditu, eta Superga izango da igoko dituzten mendateetako bat. Egun horretan 75 urte beteko dira Torino futbol taldeak Supergan hegazkin istripua izan zuenetik. Omenaldiez harago, lehiatzea egokituko zaie ziklistei, etapa bihurria izango baita. Biharamunean, lehen bukaera izango dute maldan gora: Oropako santutegian egongo da helmuga. Faboritoak, beraz, hasi orduko igoko dira taula gainera. Kontuz ibili beharko dute 6. etapan, hamabi kilometro lur gainean egingo baitituzte.

Erlojupekoa jokatuko dute hurrengo egunean: 37 kilometro Foligno eta Perugia artean. Saio laua izango da oro har, baina bukaeran aldapa aurkituko dute. Bukaera are malkartsuagoa izango du hurrengo etapak, Prati di Tivon. Lehen asteko azterketa nagusia izango da igotzaileentzat.

Atseden hartu, eta beste mendate gogor bat topatuko dute 10. etaparen amaieran: Cusano Mutri. Eta trantsiziozko hiru egunen ostean, ziklistek bizikleta adarduna hartuko dute berriro, 31 kilometroko bakarkako saioa osatzeko. Laua izango da erabat, espezialistentzat aukerakoa. Biharamunean, beste etapa garrantzitsu bat: Aprica, Forcola di Livigno eta Mottolino kateatuko dituzte amaieran. 220 kilometroko saioa izango da, denetan luzeena.

Etapa itogarririk ez

Giroaren azken astea sufrikarioa izan ohi da ziklistentzat. Haatik, azken txanpa arinagoa izango du 2024ko Giroak. 16. etapan Stelvio igoko dute, baina oso hasieran, eta ordekan kilometro asko egin ondoren, bukaeran jarraian igoko dituzte Pinei eta Valgardena. Gogorragoa izango da hurrengo etapa: bi aldiz igoko dute Brocon, aurrez beste lau mendate gainditu ondoren. 50eko hamarkadan igaro zen Giroa azkenekoz Broconetik. Grappara ere bi aldiz igoko dira azken-aurreko etapan. Igotzaileen arteko azken dema izango da. Maiatzaren 26an bukatuko da lasterketa, Erroman. Ibilbide interesgarria da; ea parte hartzea nolakoa den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.