Monrealek meniskoa hautsi du, eta ezingo du sei astez jokatu

Pandiani, Camuñas, Masud eta Nekunam kontuan izanda, bost jokalari gutxiago ariko dira Osasunan urtarril latzean

Imanol Magro Eizmendi.
2010eko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Osasunaren lesio eta hutsune izurriteari atzo beste jokalari bat gehitu zitzaion. Natxo Monrealek eskuin belaunaren kanpoaldeko meniskoa hautsia du, eta ezingo du sei astez jokatu. Gaur bertan egingo diote ebakuntza Iruñeko San Miguel klinikan, eta ezingo dio taldeari lagundu urtarril zailean. Monrealen hutsunea, gainera, garrantzitsua da; hamaikakoan postu ziurra du, eta sasoi honetako hamabost partidak jokatu ditu.

Osasunak urtarril beldurgarria du. Hiru partida jokatu behar ditu etxetik kanpo, eta gero Real Madril ahaltsua hartuko du etxean. Jose Antonio Camachok makina bat buruhauste izango du hamaikakoak osatzeko, Monrealez gain Pandiani eta Camuñas ere min hartuta daudelako. Aurrelari uruguaitarrak ezingo du jokatu urtarril bukaerara arte, eskuin izterrean zuntz haustura handia baitu. Erdilari espainiarra, berriz, «urtarril erdialderako» sendatzea espero da. Berak ere gihar arazoak ditu izterrean, eta hasiera batean uste baino gehiago ari da luzatzen sendatze epea.

Min harturikoak gutxi ez, eta Nekunam eta Masud Asia Kopa jokatzen ari dira. Irango selekzioaren lanaren arabera, hiru eta bost partida artean galduko dituzte. Nekunam ohikoa da hasierako hamaikakoan eta Masud maila onean ari zen betetzen Camuñasen hutsunea. Lesio horiei Ruperrena gehitu behar zaie, euskarri gazteak ezingo baitu jokatu denboraldi osoan. Jose Antonio Camachoren zorionerako, ez dirudi Juanfranek neguko merkatuan taldea utziko duenik.

Aurtenetxeri ebakuntza

Jon Aurtenetxeri atzo egin zioten eskuineko ebakuntza sorbaldan, eta lau eta sei hilabete artean beharko ditu berriz ere jokatzeko. Gauzak hala, Athleticeko ezker hegalekoak ezingo du jokatu denboraldi guztian. Zornotzarrak luxazioa zuen sorbaldan, eta ebakuntzan mindutako giltzadura lotu diote. Ebakuntzak jokalari gaztearen bilakaera arrakastatsua etengo du, lehen taldean debuta egin ondoren hamabi partida jokatu baititu sasoi honetan. Dena den, ezker hegala Athleticek ondo betea duen postua da.

Realean, berriz, Carlos Martinezek izterrean min hartu zuen atzoko entrenamenduan, eta ez dirudi Zaragozaren aurka asteburuan jokatzeko arazorik izango duenik. Ifran, berriz, orkatilako minez, bere kasa entrenatu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.