Martin Monreal (Biurrun, Nafarroa, 1956) izango da Osasunako entrenatzailea datorren denboraldian, Bigarren Mailan. Halaxe jakinarazi du Iruñeko taldeak. Monrealen aurkezpen ekitaldia gaur zuten egitekoa, baina, Miguel Artxanko presidentearen agenda arazoak direla eta, astelehen goizean egingo dute ofizial albistea, 09:30ean. Dena den, Monrealen aurreratu du jada nolako lan taldea izango duen alboan. Orain arte bezala, Alfredo izango da bigarren entrenatzailea. Atezainekin, berriz, Javier Bikuña ariko da. Ondo bidean, denboraldi baterako kontratua sinatuko du entrenatzaile berriak. Artxankok aurreratu zuen etxeko norbait nahi zutela aulkirako, eta halaxe izango da.
Izan ere, Osasunari estuki lotutako ibilbidea dauka Monrealek. Jokalari gisa, Iruñean egin zuen profesional ibilbide guztia, eta entrenatzaile ere birritan izana da. Lehenik, 1993-94 denboraldiko azken txanpan. Ezin izan zuen taldea Lehen Mailan mantendu. Bigarren aldian, berriz, mirari moduko bat lortu zuen, 1996-97 sasoian. Osasuna Bigarren Mailan zegoen, Bigarren Bra jaisteko zorian, eta Monreal egin zen taldearen kargu. Bada, taldea goitik behera aldatu eta mailari eustea erdietsi zuen, inork espero ez zuenean. Ordutik ezaguna da 'Martinen miraria' izeneko esamoldea.
Osasunan ez ezik, beste talde batzuetan ere entrenatzaile izana da biurrundarra: Leganesen (1999-2001), Burgosen (2001-2002), berriz ere Leganesen (2002-2003), Terrassan (2003-2004), Xerezen (2004-2005), Numantzian (2005-2006) eta Osasunaren bigarren taldean (2006-2008). Orain ez du erronka makala izango, proiektu berri bati ekin beharko baitio Iruñeko taldeak. Horretarako, harrobiko jokalariak izango ditu ardatz, baina fitxaketaren bat ere egin dezake. Izenen dantza hasi da dagoeneko: Kone izan daiteke lehen fitxaketa.