Realak atzo jakinarazi zuen datorren denboraldian ere Philippe Montanier izango dela entrenatzailea, eta Montanierrek gaur adierazi du logikoa dela klubak erabaki hori hartu izana. "Logikoa iruditzen zait denboraldi honetan egindako lanari jarraipena ematea. Une zailak egon dira, baina konfiantza izan dut. Realean bi urtez gelditzeko lan egin dut". Duela urtebete fitxatu zuen Realarekin, bi denboraldirako.
Realak 12. tokian bukatu du Espainiako Lehen Mailako Liga, eta erraz samar salbatu da. Montanierrek, gainera, jokalari gazteak atera ditu: Iñigo Martinez, Asier Illarramendi, Ruben Pardo...
Taldea fitxaketekin indartuko dutela iragarri du, baina garrantzitsuena egindako lanarekin jarraitzea dela azaldu du. “Helburua jokalari garrantzitsu guztiei eustea da, ez dugu saltzeko asmorik”. Baliteke, baina, Carlos Vela aurrelaria atzera Arsenalera itzultzea, utzita aritu baita. "Velaren kasua ez dago gure esku bakarrik”, esan du Montanierrek.
Mikel Aranbururen hutsuneari buruz ere aritu da. “Pardo, Elustondo eta Markelekin beteko dugu haren lekua". Futbolari izateari utzi egin dio Aranburuk, Realeko lehen taldean hamalau urtean jokatu ondoren.