Montanier: «Uste osoa dut Zubikarairen ahalmenean»

Realeko entrenatzaileak ez du uste iazko derbian gertatutakoak ondorioak ateratzeko balio duenik

Donostia
2012ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Philippe Montanier bigarrenez eseriko da Anoetan derbi batean. Ez da iritsi berria, badaki zer darabilen esku artean. «Lehia berezi eta garrantzitsua da bai jokalari eta bai zaleentzat. Gure betebeharra itxura ona ematea izango da, neurketa betea jokatzea».

Iaz Athleticek gain hartu zion Realari lehen segundotik, eta ondorengo asteetan zorabiatuta ibili ziren txuri-urdinak. Ez da alderaketak egin zalea haatik. «Lehengo urtean hasitako lanari jarraipena eman diote eurek, nahiz eta Javi Martinez ez dagoen. Irabazteko asmoz jokatu ohi dute, bizi-bizi. Arlo guztiak menperatu zituen iaz. Hori bai, denboraldi eta partida bakoitza ezberdina da, eta orduan gertatuak ez dut uste ondorioak ateratzeko balio duenik».

Levanteren zelaian galdu izanak zertxobait nahastu du ingurua. Horrez gain, Claudio Bravo bi hilabetez egongo da min hartuta. Konfiantzaz betetako hitzak erabili zituen Eñaut Zubikarairen parte hartzeari dagokionez. «Bravori gertatu zaiona futbolaren legea da. Badakit zer den hori. Eñautek orain bere maila frogatzeko aukera izango du. Ez dut berarekin aparte hitz egiteko inolako beharrik ikusi. Astero-astero ondo aritzen da entrenamenduetan, eta haren inplikazioa eredugarria da. Uste osoa daukat haren ahalmenean».

Era guztietako osagaiak izan beharko ditu Realaren jokoak garaile ateratzeko. «Erritmoa, bizitasuna, oldarkortasuna, kalitatea, teknika... den-dena atera behar dugu». Emaitza on batek haizea emango lioke Montanierri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.