Montanierrek entrenatzaile karguan jarraituko du beste urtebetez

Hurrengo ekainera arteko kontratua duen arren, zurrumurruak isilarazi nahi izan ditu taldeak ohar bidez

Philippe Montanier, prentsa aretoan. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Donostia
2012ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Philippe Montanierrek beste urtebetez jarraituko du gutxienez Realeko entrenatzaile karguan. Realeko zuzendaritzak atzo taldearen webgunean jarritako ohar baten bidez jakinarazi zuenez, teknikariak lehen taldea zuzentzen jarraituko du. Erabakiaren berri emateak arrazoi garbia du: azken asteetan zabalduriko zurrumurruak isilaraztea. Entrenatzailea gaur agertuko da hedabideen aurrean erabakiaren inguruko iritzia emateko.

Realak ohar bitxi bat kaleratu zuen, Montanierrek beste urtebeterako kontratua duelako, eta jarraitzeak ez luke albiste izan beharko. Azken asteetan, baina, Anoetako giroa asko gaiztotu da, eta zale askok entrenatzailearen dimisioa eskatu izan dute jendaurrean. Administrazio kontseiluak har zitezkeen erabakiak aztertu ditu, eta entrenatzailearen alde egin du. Erabakia ez da ustekabekoa, denboraldi ona egin eta helburuak lortzeaz gain, Montanier bera hurrengo sasoiko prestaketaz mintzatu baitzen iragan astean, berak zekienaren arabera jarraituko zuela ulertzera emanez. Iradokizuna, baina, ez zen nahikoa izan giroa baretzeko, hainbat hedabidetan teknikariaren etorkizunaren inguruko zalantzak barreiatzen jarraitu zutelako. Unai Emery ageri zen balizko ordezko moduan, eta, Moskuko Spartakekin kontratua sinatu zuenean, orduan bai, orduan indartu zen Montanierren hautagaitza. Dena den, taldeak babes publikoa ematea aukeratu du, eta presidenteak aurki emango ditu azalpenak.

Montanier dagoeneko hurrengo denboraldi-aurrean pentsatzen hasia da, eta bigarren taldeko jokalariei «atea irekiko» diela aurreratu du. Udan Iñigo Martinez izango du aginduetara, besteak beste, erdiko atzelariak atzo adierazi zuenez taldean jarraitzeko asmoa duelako, Kataluniako hedabide batek Bartzelonak fitxatu nahi duela zabaldu arren.

Montanierrek ez bezala, Ramirez atezainak ez du jarraituko, eta litekeena da Velak eta Ifranek ere ez jarraitzea. Demidov eta De la Bellaren etorkizuna ez dago argi, ezta Sarpongena ere, denboraldia Herbehereetako NEC Breda taldeak utzita bukatu ondoren. Fitxaketen zurrumurru dantza ere hasi da, nonbait Reala ezker hegaleko eta aurrelari baten bila dabilelako. Azken postu horretarako, bi izen agertu dira: Castro Mallorcakoa eta Molina Betisekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.