Montanierrek konfiantzari egotzi dio taldeak izan duen hobekuntza

Realeko entrenatzaileak emaitza onen bolada luzatzea espero du bihar Vila-realen aurkako partida garrantzitsuan

Erredakzioa
Donostia
2011ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Donostiara iritsi zenetik une zailak pasatu ditu Philippe Montanier Realeko entrenatzaileak, eta duela gutxi arte zalantzan egon da hark taldean jarraitzea. Azken partidetako emaitza onen ondotik, baina, haren egoera goitik behera aldatu da. Frantziarra gustura dago, «baikor», talde txuri-urdinak «azkenaldian izan duen bilakaera onarekin». Hala adierazi zuen atzoko entrenamenduaren ondoren egindako agerraldian.

Kontent bukatu zuen joan den igandean Malagaren aurka azken momentuan irabazitako partida. Partida irabazi izanaren garrantziaz gain, sartutako golen kalitatea eta Malagaren aurrean, talde gogor bat alegia, agertutako jarrera nabarmendu zituen Montanierrek. Baita partida guztian jokalariek egindako «pase arrakastatsuak» ere. Teknikariak iritziz, azken partidetan lortutako emaitzek eman dien konfiantzak bultzatu du taldea egoera horretara.

El Madrigal futbol zelaian ariko da bihar Reala Vila-realen aurka. Montanier baikor mintzatu zen, azken urteetan Realak emaitza onak lortu ohi izan dituelako han. Sailkapeneko beheko postuei begira partida garrantzitsua izango da bi taldeentzat. Aurkari zuzenak dira. Hamaikakoan izango diren jokalarien izenik ez zuen aurreratu entrenatzaileak, baina adierazi zuen balitekeela Betisen eta Malagaren aurkako partidetan jokatu zuten berberak izatea. Nolanahi ere, Relak Espainiako Kopako partida jokatuko du datorren astean Granadaren aurka, eta, beraz, baliteke aldaketaren bat izatea. Jokalari guztiak jokatzeko prest izango ditu. Baita Xabi Prieto ere, aste batzuz min hartuta egon ondoren Vila-realera bidaiatzeko moduan baita erdilari donostiarra.

«Peñarolera joan nahi dut»

Diego Ifran Realeko aurrelariak Peñarolera joan nahi du. El Observador egunkari uruguaitarrari egindako adierazpenen arabera, jokalariak Peñarolera joan nahi du, han jokatzeko aukera gehiago izango dituela uste baitu. Peñarolek aste honetan agertu du aurrelaria fitxatzeko nahia. Taldeko entrenatzaile Gregorio Perezek Ifran hara joateko beharrezko tramiteak has zitzan eskatu zion zuzendaritzari. Jokalaria utzita joango litzateke.

Uruguaiko talderik indartsuenetariko bat da Peñarol. Uruguaitarrak beste hiru urte eta erdirako kontratua du Donostiako taldearekin, eta liga hasieran ez du askorik jokatu. Dena den, Malagaren aurka gol erabakigarria sartu zuen, eta horrek haren egoera alda dezake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.