Realeko jokalariak atzo itzuli ziren Zubietara, denboraldi-aurrearekin hasteko. Philippe Montanier entrenatzaile frantziarrak berehala hartu zuen aginte makila; hura da, oraingoz, talde txuri-urdinak egin duen fitxaketa bakarra. Lehen egunerako, sesio bikoitza prestatu zuen: goizeko hamarretan entrenamendu lasaia, eta arratsaldean, berriz, entrenamendu fisikoa.
Eguraldia lagun izan zuten jokalariek, ez baitzuen bero handirik egiten. Jaiegunak baliatuz, ehun bat gazte joan ziren entrenamendua bertatik bertara ikustera. Lehen entrenamendura joatekoak ziren 27 jokalariak egon ziren zelaian: Griezmann eta Bravo ezik —haien selekzioekin daude egun—, lehen taldeko gainontzeko guztiak eta bigarren taldeko Mandaluniz, Martinez, Albistegi, Ros eta Iker Hernandez. Zubikarai, Ramirez eta Mandaluniz atezainak euren kabuz aritu ziren Roberto Navajasekin ariketa ezberdinak egiten. Borja Viguera aurrelaria, berriz, korrika arituzen zelaiaren inguruan. Oraindik iazko sasoiko belauneko lesioa gainditzeko berrindartze lanetan dabil, eta oraingoz ezin du besteekin entrenatu.
Gainontzeko jokalariek goiz lasaia izan zuten. Entrenamenduan asko erabili zuten baloia. Lan egiteko modu berriarekin gustura agertu zen Mikel Aranburu Realeko kapitaina, prentsaurrean. «Baloiarekin lan fisikoa egitea posible da, eta denok nahiago izaten dugu korrika baloiarekin egin, hura gabe egin beharrean. Entrenatzaile berria iritzi berekoa dela dirudi, eta lehen entrenamenduan baloiari garrantzi handia eman dio».
Hala ere, arratsaldeko entrenamenduak (18.00) ez zuen zer ikusirik izan. Horretan baloia alde batera utzi baitzuen Montanierrek, ariketa fisikoan zentratu ahal izateko. Lehen asteetan alor fisikoa eta teknikoa landuko dituela azaldu zuen Montanierrek. Gaur ere atzoko plangintza bera izango dute: goizean ateak irekita entrenatuko dira Zubietako zelai nagusian, eta, arratsaldean, ateak itxita, ariketa fisikoa izango da protagonista. Asteko lan saioak bihar goizean amaituko dira. Etzi jai izango dute.
Montanierrek adierazi zuenez, jokalari guztiak errekuperatu dira iaz izan zituzten lesioetatik, eta Viguera soilik dago taldetik at entrenatzen. Joseba Llorente, dirudienez, errekuperatu da joan den denboraldi erdia galtzera behartu zuen bizkarreko lesiotik. Aranburuk, bere aldetik, belauneko arazoak atzean utzi dituela nabarmendu zuen. «Gaur ez dut inongo minik sentitu, beraz, ongi dago belauna».
Montanier ere gustura agertu zen bere lehenengo entrenamendua zuzendu ondoren. Taldeak fitxaketarik egin ez duen arren, pozik agertu zen. «Dena ongi atera da, langileek lan ona egin dute zelaia ongi uzteko, jokalariak seriotasunez aritu dira eta eguraldi ezin hobea zegoen entrenatzeko».
Haren esanetara izango duen taldeari dagokionez, oraindik ideia argirik ez duela adierazi zuen frantziarrak. Kontratua sinatu zuenetik jokalarien inguruko hainbat bideo ikusi ditu, eta horrek ikuspegi orokor bat izaten lagundu diola aitortu zuen. Oraindik ez du inongo eskakizunik egin, ez dakielako ongi zer-nolako jokalariak beharko dituen taldea guztiz osatzeko. «Eskakizuna egiteko, lehenik dudana aztertu nahi dut, eta horretarako bi aste beharko ditut. Garrantzitsuena ez da fitxaketak egitea, denboraldian jokalari onak izatea baizik».
Hurrengo bi asteetan, entrenamenduez gain bi lagunarteko partida izango ditu, jokalariak hobeto ezagutzeko. Lehena, hilaren 16an, Beasainen, hango taldearen aurka. Bigarrenean, Korsikako Ajaccio taldea izango da arerioa, egun Frantziako Bigarren Mailan dagoena. Realak hilaren 23an jokatuko du Azpeitiko Garmendipe zelaian; Kilometroak-en aldeko norgehiagoka izango da.
Montanierren aginduetara
Realeko jokalariak hurrengo denboraldiko entrenamenduekin hasi dira; Griezmannek eta Bravok geroago ekingo dioteEntrenatzaile frantziarra eta Michel Troin laguntzailea dira taldekide berri bakarrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu