Montpellierren aurka gorako bideari ekiteko aukera ona du gaur Baionak

Top 14ko bigarren garaipena lortzeko itxaropenarekin joan da Miarritze Brivera, aurkari zuzenaren zelaira

Eneritz Zabaleta.
Baiona
2011ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Orain bi aste etxean Racingi irabazi ostean (27-23), Baionak berriz ere Jean Dauger zelaian jokatuko du gaur iluntzean Montpellierren aurka (20:00, Rugby Plus). Lapurtarrek garaipen garrantzitsua lortu zuten joan den jardunaldian, eta sailkapenean gora egitea da haien helburua. Hala ere, lan zaila izanen dute, iragan sasoiko Top 14ko finaliean sartu zelako Montpellier.

Sasoi hastapen honetan Montpellier izan da, Miarritzerekin batera, Top 14ko dezepzio handiena. Mediterraniokoek lehen bost partidak galdu dituzte, eta sailkapenean egoera txarrean daude, hamabigarren postuan: «Sailkapen horrek ez du taldearen balioa islatzen», abisatu du, hala ere, Christian Gajan Baionako kirol zuzendariak.

Kezkatzeko motiborik badu Gajanek, Montpellierrek Munduko Kopan zeuden hainbat jokalari berreskuratuko baititu. Gorgodze georgiarra, Matadigo fijiarra, eta Moyano, Fernandez, Amorosino eta Creevy argentinarrak. Ez da hori baionarren kasua, jokalari asko Munduko Kopan baititu oraindik: Philips, Heymans, Rokocoko eta Tialata. Gainerakoan, Elhorga, Lacroix, Flavell eta Bernad eskas izanen dira baionarren aldetik.

Zortzi punturekin berdinduta

Miarritzek, berriz, etxetik kanpo jokatuko du gaur. Briven ariko dira Patrice Lagisqueten jokalariak (20:00, Rugby Plus). Orain bi aste berebiziko garrantzia duen garaipena lortu zuten lapurtarrek Bordelen (11-13). Baina gaur lan zailagoa izanen dute Briveri irabazteko. Brivek eskarmentua dauka Top 14an, eta oso zaila da bere etxean irabaztea. Hala ere, puntu beharra du Miarritzek sasoi hasiera txarra gibelean uzteko. Gaur-gaurkoz, Brive aurkari zuzena da maila ez galtzeko lehian, zortzina punturekin daudelako bi taldeak.

Jokalariak ari dira pixkanaka Munduko Kopatik itzultzen. Ngwenya estatubatuarra, adibidez, hasieratik ariko da, hegalean. Yachvili, Hariñordoki, Traille eta Barcella, aldiz, geroago iritsiko dira Lapurdi aldera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.