Athleticek hil edo biziko neurketa jokatuko du gaur Espainiako Kopan, Rayo Vallecanoren kontra. Ez da sasoiko lehen finala izango. Aurretik, gainerako taldeak denboraldi-aurrea egiten ari zirenean, Young Boys eta Tromso kanporatu behar izan zituen Europako Ligan bizirik jarraitzeko. Gaitzak izan ziren bi kanporaketa horiek. Eta gaurko partida ere nahiko zaila da. Athleticek 2-0 galdu zuen Teresa Riveron jokatutako joaneko norgehiagokan. Emaitza oso txarra da. Lerro guztietan bikain aritzera behartuko du talde zuri-gorria. Erasoan zein defentsan neurketa osoa egin beharko du kanporaketa gainditzeko. Gol asko sartzeaz gain, ezin izango du batere jaso. Rayok Athleticen sarea zulatzen badu, nekez gaindituko dute zuri-gorriek kanporaketa. Eta jakina da ez dela batere erraza oreka mantentzea. Are gutxiago Athleticentzat. «Hasieratik bete-betean zelairatu behar dugu. Gola azkar sartzen badugu, Rayo atzean sartuko da», esan zuen Markel Susaetak. «Baina, era berean, ezin dugu hutsik egin. Rayok gol bat sartzen badu, gaitza izango da», gaineratu zuen jokalari eibartarrak.
Athleticek egiten duen jokoarekin eta beste edozein egoeratan, inork ez zukeen apustu txikienik ere egingo talde zuri-gorriaren alde. Baina Athletic hazita dago. Azken emaitzak oso onak izan dira, eta puntuak eta garaipenak eskuratuz joan den neurri berean berreskuratu du konfiantza. Eta futbolean oso garrantzitsua da baikor izatea. Buruak behar den moduan funtzionatzen duenean, oinek baino indar handiagoa duela esan ohi da. Bolada onean dagoen talde batean gutxiago nabaritzen da nekea. Bada, Athletic une gozo horietako batean dago. Ia bi hilabete iraun zuen beherakada gainditu eta berriz ere gora begira dago talde zuri-gorria. Ligan eskuratutako azken garaipen biek eta Madeiran (Portugal) eskuratutako puntu garrantzitsuak ipini dituzte zuri-gorriak gorako bidean.
Eta jakina da Athletic oso talde arriskutsua dela konfiantzarekin dagoenean. Batetik, defentsan akats larriak egiten dituen taldea izan arren, sarri askotan erakutsi duelako gola sartzeko erraztasuna daukala. Joko landua egin ez arren, banakako jokaldiei nahiz falta eta kornerrei esker ia beti zulatzen du aurkariaren atea. Gainera, zaleekin bat egitea lortzen duenean, nekeza izaten da San Mamesetik bizirik ateratzea. Gaurkoa ere egun berezi horietako bat izan dadin, bazkideei erdi prezioan sarrera bat eskuratzeko aukera eskaini die klubak -bazkideek ez dute ordaindu beharko-.
Ekimenak arrakasta izan du. Katedrala ia beteta egongo da. Beraz, klubaren eskaintzak, Espainiako Kopak jarraitzaileen artean sortzen duen ilusioak, ikusminak eta jokalarien ahaleginak bat egiten badute, asko sufritu beharko dute Pepe Melek zuzentzen dituen jokalariek.
Athletic motibatuta eta garaipen gosez zelairatuko da. Rayo Vallecanoren jarrera zein izango den, berriz, ez dago argi. Pentsatzekoa da berdegunean arituko diren futbolariek euren mailaren berri ematea gurako dutela. Ligan ohikoak direnek jokatzen badute, taldeko onenak direla erakutsi gurako dute. Eta ohikoak ez direnak aritzen badira, berriz, gehiago jokatzeko maila dutela erakutsi gurako dute. Bestalde, Rayorentzat garrantzitsua izan daiteke San Mamesen emaitza ona eskuratzea konfiantza berreskuratzeko. Bigarren Mailan huts egin du azken jardunaldi bietan eta igoerako postuetatik aldendu egin da. Hori bai, ez dira gutxi Kopan aurrera jarraitzeak Lehen Mailara igotzeko bidean kalte egingo diola pentsatzen dutenak.
Atepean, Armando
Athletici ezin dio kezka eragin aurkariaren egoerak. Zuri-gorriek aldarte onean jarraitzea baino ez dute helburu asteburuan atseden hartuko dutela kontuan izanda. Horretarako, ahal duen hamaikakorik indartsuena zelairatzeko asmoa dauka teknikariak. Jakina da Armando beteranoa izango dela atezaina, baina gainerakoak ohikoak izango dira.
Euren artean egongo da Fernando Llorente -Caparrosek gaur emango du deialdia-. Racingen aurkako partidan atseden hartu ostean -entrenatzaile zuri-gorriak Mandia nahasteko sartu omen zuen deialdian-, prest dago taldearen erreferentzia izateko. Erdiko aurrelariaren ekarpena izan daiteke, hain zuzen ere, neurketako giltzetako bat. Llorentek garrantzi handia dauka Athleticen jokoan eta, Rayo ez da batere indartsua goiko jokoan.
Moralez gainezka
Athleticek lehen minututik estutuko du gaur Rayo Vallecano, Espainiako Kopako kanporaketari buelta emateko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu