Uztailaren 28an, Frantziako Tourreko etapa osoa Lapurdin jokatuko da, Senpere eta Ezpeleta artean, eta herritar talde batek herri ekimena antolatu du egun horretarako: “Etapa hori Euskal Herrian jokatuko dela kiroltasunez aldarrikatzeko”. Sustatzaileek jai gune bat antolatu dute erlojupekoaren ibilbideko 14. kilometroan, Uztaritze eta Zuraide artean, eta 12:00etan mosaiko handi bat egitea da asmoa. Mosaikoarekin GPS aparailuetan puntuak markatzen dituen ikur handi bat egin nahi dute. Horretarako, sei hektareako lur sail bat lortu dute. Gunetik oso gertu aparkaleku handiak daude jendea irits dadin gerturatzeko.
Hori ez da, baina, asmo bakarra izango, ibilbidean barrena You are in The Basque Country. Euskal Herria helmuga lelodun afixak banatuko dituzte. “Ahalik eta kilometro gehien betetzea da asmoa, aldarria ozen entzun dadin”, zehaztu du, gaur, Gari Mujika ekitaldiaren sustatzaileetako batek. Donostian aurkeztu dute ekimena, eta, besteak beste, Mikel Astarloza, Miguel Mari Lasa eta Txomin Perurena txirrindulari ohien babesa jaso dute, eta Aritz Bagues Muriaseko txirrindulariarena.
Ekimena abian jartzeko boluntarioak beharko dituzte, eta laguntzeko prest dagoen orok www.tourra.eus webgunean eman dezake izena. Era berean, mosaikoan parte hartu nahi duenak aurretik izena ematea eskertuko lukete, webgunean bertan. Festagunea bezperatik irekiko dute, eta bertan taberna eta animazioa egongo da. Lasterketa jarraitzeko pantaila erraldoia ere egongo da. Zaleei bezperatik joatea gomendatu diete, erlojupekoaren egunean 09:00etan itxiko baitituzte errepide gehienak.
22an, bizikleta martxa erlojupekoaren bidean
Mosaikoa eta afixa banaketa 28an izango da, eta astebete lehenago bizikleta martxa antolatu dute erlojupekoaren ibilbidea egiteko. Irteera goizeko hamarretan izango da, Senpereko Utsalea aparkalekuan. Osatzen den multzoarekin ibilbidea egingo dute, Ezpeletaraino. Behin bukatuta, autoa Senperen utzi duenak 11 kilometro ditu irteera punturaino.