Motibazio gutxirekin

Athleticek Sanchez Pizjuanen amaituko du azken hiru denboraldiotako sasoirik lasaiena

haritz gallastegi
2008ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Joaquin Caparrosek arazoak izango ditu bere etxean hasierako hamaikako lehiakorra zelairatzeko. Txartel pilaketa tarteko zigorra bete beharko duten futbolariak eta min hartuta daudenak batuta, hamaikako ona osatu ahal izango zuen teknikari espainiarrak: Susaetak, Yestek, Del Hornok, Orbaizek, Iraizozek eta David Lopezek, besteak beste, ezin izango dute jokatu. Txarto pentsatu gura duenak badauka sokatik tira egiteko aukera. Jokalariek ez dituztela oporrak laburtu gura esango du batek baino gehiagok. Jokalariek ez dutela garaipen goserik. Ez dutela hobetu gura. Mailari eutsita helburua lortu dutela pentsatzen dutela. Kaleko eztabaida da.

Baina sasoian pisu handia izan duten jokalariak ez eze, protagonismo gutxi izan dutenek ere makina bat arazo fisiko dituzte. Cuellarrek, Expositok, Zubiaurrek eta Luis Prietok osatzen dute gutxi jokatu eta min hartuta dauden jokalarien zerrenda. Jokalari horien kasuan ere, lesioetatik haratago begiratu gura duenak badu aukera: Caparrosek zokoratuta izan dituen futbolarien mendekua izan daitekeela pentsa dezakete. Azken jardunaldian ez dutela gorputza behartu gura, horren truke ez baitute ezer lortuko. Gainera, lesionatuz gero, datorren urteko kontratua kolokan egon daiteke taldea utziko duten futbolarientzat. Gaizki pentsatzea libre baita. Baina Athleticeko jokalariak ez dira horrelakoak. Zintzoak dira. Mina badute, min hartu dutelako dute. Beste gauza bat da aparteko motibaziorik ez izatea.

Jokalariek etxeko lanak egin dituztela uste dute, eta teknikaria ere iritzi berekoa dela dirudi. «Ia ez daukagu aukerarik Intertotorako. Denboraldi gogor baten ostean ez da erraza jokalariak motibatzea». Ez dirudi Intertotok interes handirik piztu duenik. Eredua eman behar duena ere datorren denboraldian pentsatzen ari bada...

Horrenbeste jokalari falta izanda ezinezkoa da goi mailako hamaikakoa zelairatzea. Zer esanik ez taldea mugatua bada. Sanchez Pizjuanen agerian geratuko dira muga horiek, Gurpegi aritu baitaiteke eskuin hegalean. Andosillakoak edozein postutan joka dezakeela erakutsi du. Erdilari aurreratu gisa hasi zuen kirol ibilbidea eta erdiko atzelari gisa jokatu arte atzeratu dute. Zelaiaren erdialdean edozein postutan ari daiteke. Hegalean jokatzea beste gauza bat da, ordea. Jokatzeko era ezberdina da. Noiz egin aurrera eta noiz atzera jakin behar da, jokalari azkarrak zaindu behar izaten dira. Ez da erraza egokitzea. Are eta gutxiago aurrean txapelketako hegalik arriskutsuenetakoak izanda. Dena dela, azken unean Iraola deialdian sartzea erabaki du Caparrosek. Logikak dio eskuin hegalean jokatuko duela. Baina futbolean ez da beti logika betetzen. Are eta gutxiago erabakiak Caparrosek hartzen dituenean.

Aurrerago mutil gazte bat ariko da. Urko Arroyo izango da Susaetaren ordezkoa. Clementek debuta egiteko aukera eman zionetik ez du gehiago jokatu. Nagusiekin entrenatzen ere gutxitan aritu da. Ez ditu horrelako aukera asko izango.

Dena dela, albiste guztiak ez dira txarrak, Ocio eta Etxeberria jokatzeko moduan baitaude. Gasteiztarra aurreko lau denboraldiotan bere etxea izan zenera bueltatuko da. Kirol arloan zein arlo pertsonalean egonaldi aberatsa izan zen atzelariarentzat. Negar malkotan utzi zuen Sevilla. Belauneko mina erabat gainditu ez arren, taldeari laguntzeko prest dago. Baita Etxeberria ere. Elgoibartarra hamaikakora bueltatuko da Racingen aurka atseden hartu ostean.



JOAN-ETORRIKO PARTIDA ARRISKUTSUA. Aste hasieran gaitza zirudienak ia ezinezkoa dirudi orain. Intertotok ihes egingo diola dirudi. Baina Caparrosek gaurko partidarako izango zuen falta kopuruaren berri izan aurretik ere ez zeuden aukera asko, Sevilla Sanchez Pizjuanen mendean hartzea eta Deportivok Vila-realen aurka etxean galtzea karanbola handia baita.

Andaluziarrek talde sendoa eta heldua daukatela erakutsi dute: taldeko izar nagusien etorkizunaren inguruan etengabeko zurrumurruak, Antonio Puertaren heriotza, Juande Ramos entrenatzailearen ihesa, Txapeldunen Liga jokatzeak eragiten duen nekea eta beste hainbat oztopo gainditu behar izan dituzte. Hala ere, UEFA Koparako txartela eskuratu dute. Meritu handiko lorpena izan da. Athleticek badaki zein talde izango duten aurrean. Jakin badaki ezin duela lasai jokatu. Joan-etorri askoko norgehiagoka arriskutsua izan daiteke. «Sevillak ezer jokoan izan ez arren, aurkari arriskutsua da. Partida itxia jokatzea komeni zaigu. Eurek maila handiko jokalariak dituzte. Capel eta Navas oso arriskutsuak dira», adierazi zuen Javi Martinezek. Ezustekoa emateko elkarren ondoan eta argi egon beharko dute neurketa osoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.