Motorra berandu berotuta bada ere, puntua patrikara

Elezkano II.a-Zabaletak 22-16 irabazi diete Ezkurdia-Tolosari, atzetik aurrerako lanaren ostean. Bikote irabazleak gertuago ditu finalerdiak

Jose Javier Zabaleta, pilotari ematear, Ezkurdia-Tolosaren aurkako partidan, atzo, Iruñeko Labriten. IÑIGO URIZ / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2022ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Sailkapeneko bi muturretan dauden bikoteak aurrez aurre lehiatu ziren atzo Iruñeko Labriten: Elezkano II.a-Zabaleta eta Ezkurdia-Tolosa. Faboritoaren etiketa lehen bikoteak bazuen ere, partidaren lehen zatian Ezkurdia-Tolosak agindu zuten. Bikain aritu ziren, harik eta bigarren zatian erregaia agortu zitzaien arte. Elezkano II.a-Zabaleta zerbaitegatik daude lehen postuan. Beren betiko legea ezarrita, zazpigarren garaipena eskuratu zuten: 22-16.

Ezkurdia-Tolosaren hasierako helburua argia zen: markagailuan aurkarien soka askorik ez tenkatzea. Bada, gorriek serio ekin zieten lehiari. Arbizuko aurrelariak egindako bi kintzeekin eta Zabaletaren hutsarekin, 3-0 ezarri ziren. Etxarrendarra neurria hartu ezinik zebilen, trakets. Urdinek, ordea, joko handirik erakutsi gabe, azkar batean berdindu zuten lehia.

Bikote batak zein besteak erritmo azkarra ezarri nahi zuen, demaren jabe egiteko. Batek jo, besteak erantzun. Halere, Ezkurdia-Tolosa zihoazen aurretik. Arbizuarrak erraz topatzen zituen zuloak, eta maisuki amaitzen zituen tantoak, horma-bikoz nahiz dejadaz, doi-doi; Anoetakoa, berriz, patxadaz zebilen atzeko koadroetan, Zabaletaren itzala ondoan bazuen ere. Une batez, hiru tantoren aldea zabaldu zuten: 10-7. Orduan hasi zen Zabaletaren motorra berotzen. Etxarrendarrak Tolosa dantzan jarrita, eta anoetarrari pilotakada motz geratzen zitzaion aldiro, Elezkano II.ak ez zuen barkatzen.

Bikote urdina 14. tantoan jarri zen lehendabizikoz aurretik, eta, hortik aurrera, ez zegoen inor Elezkano II.a eta Zabaleta geldituko zituenik. Ezkurdia eta Tolosa, berriz, ernegatuta zeuden, eta horrek ez zien inolako mesederik egin. Lan handia egin arren, jota amaitu zuten.

Jardunaldiko azken lehia

Urrutikoetxea-Arangurenen eta Peña II.a-Albisuren arteko neurketak itxiko du gaur bigarren itzuliko lehen jardunaldia, Getariako (Gipuzkoa) Sahatsaga pilotalekuan. Urrutikoetxea-Arangurenek lau garaipen dituzte; bi gutxiago Peña II.a-Albisuk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.