Mourinhoren gisara

Real Madril ez da Auxerre baino gehiago izan, baina Di Mariak 81. minutuan gola sartu eta irabazi egin du

Julen Etxeberria.
2010eko irailaren 29a
00:00
Entzun
Ez dabil oso fin Real Madril denboraldi hasiera honetan. Ez du partidarik galdu, baina ezta irudi onik eman. Distira eta joa falta zaio, izarrez betetako talde bati aurreikusten zaion distira eta joa. Hala ere, ezer gutxi ahal zaio leporatu Jose Mourinho Espainiako taldean egiten ari den lanari. Entrenatzaile portugaldarra ez da iritsi berri bat futbolaren elitera. Aspaldi dira ezagunak haren gabeziak eta dohainak: ikuskizun urria, baina eraginkortasun handia. Horrela lortu ditu haren garaipen zerrenda bikainean dauden titulu gehienak. Eta horrela irabazi zuen haren aginduetara Real Madrilek atzo Auxerren zelaian, Txapeldunen Ligako ligaxkako bigarren jardunaldian.

0-1. Gol bakarra, Di Mariak 81. minutuan sartutakoa. Nahikoa, erabakigarria irabazteko. Bi partida eta bi garaipen. Lau gol alde eta bakar bat ere ez kontra. G multzoko liderra da. Milan du atzetik bi puntura -bana berdindu zuen atzo Ajaxen zelaian-, eta urruti, oso urruti Herbehereetako eta Frantziako taldeak. Espainiako taldeak oso ondo bideratuta du final-zortzirenetarako sailkapena. Hurrengo partidan Milanen aurka jokatuko du etxean, eta irabaziz gero, patrikan izango luke kasik multzoko lehen postua. Iragan denboraldian ihes egin zion azken unean -Milanek kendu zion, hain zuzen ere-, eta garesti ordaindu zuen gero. Sasoi honetan ez du horrelakorik nahi.

Atzo Abbe Deschamps estadioan gertatutakoaz ezer gutxi esan daiteke. Etxeko taldeak oso ondo jokatu zuen, eta minutu askotan estu hartu zuen Real Madril. Bai frantziarrek, bai espainiarrek gola sartzeko aukerak izan zituzten, baina azkenean, Di Maria izan zen zelaira irten eta gutxira gola sartu zuena. Hortxe amaitu zen neurketa, eta etxekoen esperantza guztiak.

Beste multzoetako partidetan, ez zen ustekabekorik izan. E multzoan, Bayern Munichek eta Erromak irabazi zuten: alemaniarrek 1-2 Basileari, eta italiarrek 2-1 Cluji; F multzoan, Chelseak eta Spartak Moskuk berriro irabazi zuten: ingelesek 2-0 Olympique Marseillari, eta errusiarrek 3-0 Zilinari. Beste horrenbeste gertatu zen H multzoan, eta Arsenalek eta Xaktar Donetsk-ek bigarren garaipena lortu zuten: ingelesek1-3 Partizanen aurka, eta ukrainarrek 0-3 Bragaren aurka.

Inter, garaipen premian

Gaurko partidei dagokionez, Inter Milanek lehen garaipena lortu nahi du. Txapeldunak berdinketarekin konformatu behar izan zuen estreinakoan, eta gaur irabazi egin nahi du, A multzoko lehen postua bideratzen hasteko. Horretarako, Werder Bremen gainditu behar du etxean. Multzoko beste neurketan, Tottenham eta Twente izango dira aurrez aurre Londresen. B multzoan, berriz, Benficak eta Olympique Lyonek lehen partidan irabazita hasitako bide onari eutsi nahi diote. Gaur, hala ere, etxetik kanpo ariko dira biak, Schalke 04-ren eta Hapoel Tel Aviven zelaian. C multzoan, Valentziak eta Manchester Unitedek jokatuko dute multzoko partida nagusia, Mestallan. Multzoko beste neurketa Turkian jokatuko da, eta Bursasporrek eta Glasgow Rangersek neurtuko dituzte indarrak. Azkenik, D multzoan, Bartzelonak bigarren garaipena lortu nahi du, Errusian, Rubin Kazanen zelaian. Panathinaikos eta Kopenhage ariko dira beste partidan, Atenasen.



Auxerre 0

Real Madril 1

Auxerre. Sorin; Hengbart, Coulibaly, Grichting, Dudka; Contout (Jelen, 46. min.), Pedretti, Ndinga, Langil (Traore, 77. min.); Chafni (Quercia, 89. min.) eta Oliech.

Real Madril. Casillas; Arbeloa, Pepe, Ramos, Marcelo; Khedira, Xabi Alonso, L. Diarra (Di Maria, 73. min.); Cristiano Ronaldo, Benzema (Oezil, 58. min.) eta Higuain (M. Diarra, 86. min.).

Gola. 0-1: Di Mariak (81. min.).

Epaileak. Claus Bo Larsen (Danimarka). Txartel horiak: Auxerreko Jeleni eta Traoreri; eta Real Madrileko Cristiano Ronaldori, Ramosi eta Lass Diarrari.

Bestelakoak. 22.000 ikusle inguru Abbe Deschamps estadioan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.