Txirrindularitza

Movistarrek Alex Aranburu fitxatu du

Azken bi urteetan Astanan ibili den txirrindulariak hiru urterako kontratua sinatu du. 

Alex Aranburu aurtengo Euskal Herriko itzulian, Sestaon (Bizkaia) amaitu zen etapa irabazi zuenean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Paulo Ostolaza.
2021eko irailaren 29a
14:39
Entzun

«Oso pozik nago datozen hiru urteetan etxeko taldean jardungo dudala iragartzeaz». Hala jakinarazi du Alex Aranburu txirrindulariak (Ezkio-Itsaso, Gipuzkoa, 1995), hain zuzen, Astana taldea utzi eta hurrengo hiru urteetan Movistarrekin korrituko duela; 2024ra arteko kontratua sinatu du. Aurretik Muriasen (2016) eta Caja Ruralen (2017-2019) ibili zen Aranburu.

Etengabe hobetzen ari den txirrindularia da ezkiotarra, balio anitzekoa, eta emaitza bikainak eskuratu ditu azken urteetan: Euskal Herriko Itzuliko etapa bat, bi zazpigarren postu Milano-San Remon, bigarren postua Espainiako Vueltako erlojupeko batean... Flandrian jokatu berri den mundialean ere bera zen Espainiako selekzioaren liderra, baina erori eta lasterketatik kanpo geratu zen.

Fitxaketa ofizial egin ostean, Aranburuk aitortu du ezagutzen dituela taldeko kide gehienak, eta uste duela «giro ederra» izango dutela lankideen artean: «Ilusioz beteta nator, txirrindulari eta pertsona gisa hazten jarraitzeko asmoarekin. Ea guztion artean gauza politak lortzen ditugun», esan du Movistarrek berak plazaratutako adierazpenetan. Taldeak fitxatu duen hirugarren txirrindularia da, Oscar Rodriguezen eta Max Kanterren ostean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.