REALA

Moyesen estreinaldia, pattala

Lehen zatian ongi eta bigarrenean gaizki jokatu du Realak, eta ezin izan du irabazi bAurtengo ligan estreinakoz utzi du atea hutsean

jon eskudero
2014ko azaroaren 22a
10:10
Entzun

Astebeteko epea ez du aski izan David Moyesek Realari hobekuntza dezentea emateko. Ezta inondik ere. Aurreko jardunaldiko Atletico Madrilen kontrako partidan salbu, txuri-urdinak distira faltan daude denboraldia hasi zenetik, eta atzo ere lehengo lepotik izan zuten burua, Deportivoren zelaian. Itxura txukuna eskainiagatik, eman dezakeena baino askoz gutxiago eman zuen Donostiako taldeak, eta, hala, estreinako partidan garaipen zaporea dastatu gabe geratu behar izan zuen entrenatzaile berriak. Egiari zor, lehen zatian aurkariak baino meritu gehixeago egin zuen Realak hiru puntuak eskuratzeko, gol aukerak bata bestearen atzetik izan baitzituen. Ordea, bigarren zatiko azken minutuetako ezina kontuan hartuta, ontza jotzeko modukoa izan zen berdinketa.
Hain zuzen ere, lehenengo minutuetatik bertatik igarri zitzaien txuri-urdinei ideia falta nabarmena zeukatela azken metroetan. Partidako lehen hamar minutuak aski izan ziren horretaz jabetzeko. Agirretxek, Velak eta Canalesek birritan izan zuten aukera onik Reala aurretik jartzeko, baina batean antzu aritu zirelako eta bestean Deportivoko atezainak gelditu ona egin zuelako, ezin izan zuten aurrea hartu. Halere, bide onean zen Reala. Konfiantza lagun hartuta, lanean segitu zuen, eta Deportivo baino gehiago izan zen.
Espainiarrak beldurti aritu ziren une oro, asko baitzuten jokoan, eta txuri-urdinek ez zuten jakin izan hori baliatzen. Lehen zatiko aukera onena izan zitekeena Velak izan zuen 30. minutuan. Kontraerasoan bikain atera ziren donostiarrak, eta kontrol txar baten erruz golik sartu ezinda geratu zen mexikarra. Atsedenaldira bitarte, egiari zor, susto bat edo beste eman zuen Deportivok, baina gehiago izan Moyesen taldea. Zorroztasun faltak, ordea, saririk gabe utzi zuen.
Bigarren zatian, ezinean
Realak lehen zatian izandako nagusitasuna ikusirik, atsedenaldian aldaketak egin zituen Deportivok, eta ez alferrik. Goitik behera aldatu baitzen partida. Lasaiago jokatu zuten etxekoek, beste  patxada eta freskotasun batekin, eta Reala nahi eta ezin aritu zen. Kasik denbora guztiak baloiaren atzetik lastera. Vela eta enparauek izan zuten aukerarik gola egiteko, baina espainiarrak gehiago izan ziren. Azken minutuetan nagusi izan ziren, eta gipuzkoarren zorionerako, ez zuten golik egin.
Bistan denez, eskoziarrak badu zer hobetua datorren asteetan. Atzo, lesioak tarteko, ez zuen gustuko hamaikakoa zelairatzerik izan. Aurrerantzean, hori bai, aitzakiek gutxi balioko dute. Lanean segi beharko dute Zubietan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.