Uxue Bilbo Basket 75. Laboral Kutxa 93

Mugak ezartzen

Jokoan ezer ez izan arren, Laboral Kutxak oso partida ona jokatu du, eta uztaipeko nagusitasunari esker irabazi du derbiaBilbo Basketek arazo fisiko ugariak sumatu ditu, eta laugarren postutik urrundu da

Imanol Magro Eizmendi.
2013ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Uxue Bilbo Basket. Zisis (7), Pilepic (19), Mumbru (13), Hervelle (8), Hamilton(16) —hasierako bostekoa— Lopez (4), Vasileiadis, Rakovic, Moerman (2) eta Samb (6).

Laboral Kutxa Baskonia. Cook (5), Causeur (13), Nocioni (16), M. Bjelica, Pleiss (11) —hasierako bostekoa— Heurtel, Van Oostrum, Jelinek, Calbarro, San Emeterio (20), N. Bjelica (8), Lampe (20).

Markagailua. 17-24, 35-47; 56-68, 75-93.

Epaileak. Conde, Jimenez eta Perez Niz. Ez zuten inor kanporatu.

Bestelakoak. 8.500 ikusle Bizkaia Arenan. Pabiloiko harmailak goraino bete ziren.

Laboral Kutxak bere lurraldeko mugak markatu zituen atzo Bizkaia Arenan. Ezer ere jokoan ez izan arren, partida oso serioa jokatu eta Uxue Bilbo Basketen sailkapeneko laugarren posturako bidea eten zuen. Mezua bidali zion derbian iparraldeko bizilagunari: «Honaino irits zaitezke, baina urrunago ez», bi taldeen artean oraindik koska bat dagoela erakutsi nahiko balu bezala. Abantaila ireki, uztaipeko aginteari esker ondo kudeatu, eta aurkaria hirukoen bitartez gerturatu zenean, ez zen urduritu. Bilbo Basketek, berriz, adorearekin erantzun zion, eta bigarren partidan jarraian Pilepic izar hartuta. Jokalari askok arazo fisikoak zituzten ordea, eta nekea galga izan zen. Bilboko taldeak, orain, garaipen baten desabantaila du, eta Valentziaren aurka irabazi egin beharko du laugarren izateko.

Baskoniaren aurkako derbiek su berezia sortzen dute Bilboko pabiloian, eta goraino bete ziren. Kanpokoak, baina, hasi eta berehala hoztu zuten giroa 6-19ko partzial batekin (5. min). Gehiago ziren uztaipean, errebote ehizan bereziki, eta hori nahikoa ez balitz bezala, hirukoak ere sartu zituzten. Une batez harmailek hozkailua ziruditen, Hamiltonek piztu zituen arte. Pibotak hurrengo urtean Gasteizen jokatuko duela zabaldu zen bere garaian, eta atzo curriculum ona utzi zuen, lehen zatian bereziki. Haren ekinahalak lehen laurdeneko emaitza orekatu zuen (17-24).

Baskoniak dena kontrolpean zuen, eta etxekoen arazo fisikoek lana erraztu zioten. Grimauk ez zuen jokatu, Vasileiadisek bederatzi minutu baino ez, Rakovic eta Moerman ez zeuden euren onenean... Baskonia, aldiz, ez zen lasaitu. Gehiago zen fisikoki, eta hori abantaila zen. Pibotez gain, hegalekoek ere barnealdiak bilatu zituzten, eta Nocioni eta San Emeterio arazo handirik gabe iritsi ziren uztaira. Etxekoen aldetik, berriz, Pilepic zen erantzuna. Azken partidan, 30 puntu sartu zituen, eta atzo, 19. Atsedenaldian Baskonia aurretik zen (35-47).

Hirukoen itxaropena

Bilbo Basketek ez zuen borrokatu gabe joan nahi. Ez zion derbia oparitu nahi Laboral Kutxari eta susperraldia izan zuen. Uztaipean ezinezkoa zenez, hiruko marran aurkitu zuen bidea. Sorta ikusgarria lortu zuen, bost jarraian: Pilepicek eta Hervellek bina eta Mumbruk bat, eta hiru puntura gerturatu zen zaleen eromenerako (46-49, 24. min).

Zan Tabaken hutsartea garaiz iritsi zen. Patxada eta zentzua zen agindua, eta jokalariek ondo bete zuten. Ondo defendatu eta kontraerasoak eragin. Eraso bakoitzean zerbait atera zuen Baskoniak. Mailu bat zirudien, zelai erdia pasatzen zuen aldiro puntuak pilatzen. Beste uztaian Bilbo Basketen hirukoak bukatu egin ziren, baita gasolina ere. Frenesiaren ondoren, Laboral Kutxak lehen bi laurdenetako soldadu marka ezarri zuen berriz (56-68).

Laurden osoa falta zen, baina partida erabakita zegoen. Bilbo Basketeko jokalariak arnasestuka zeuden, Baskoniakoak, berriz, odol gose. Ez zuten oina azeleragailutik altxatu eta azken minutuak entrenamendu on-on bat balitz bezala hartu zuten. San Emeteriok 11 puntu sartu zituen barnealdiekin, Mumbruri zerbait erakutsi nahiko balio bezala. Bilbo Basketek, tartean, errebote kopurua puzteko baliatu zituen zaborraren minutuak. Partida bukatu aurretik Fotis Katsikarisek bostekoa eman zien jokalari guztiei, ondo egina, jarrera ez zen arazoa izan. Uxuek lanean jarraitu beharko du titulurako kanporaketetan kantxa faktorea izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.