Ariketa interesgarria da Baskoniako zale baten barne gogoetan sartzea. «Gaizki gaude», pentsatuko luke hark. Arrazoia osoa du. «Baina ondo egon gaitezke». Nola? Gaur Panathinaikos handia menderatuta. Euroligako mamu bat delako eta hura garaitzeak hauspo handia emango liokeelako Baskoniari. Zintzoak izanda, gaur-gaurkoz balentria kutsua duelako Baskonia Panathinaikosi gailentzea. Zale eta kazetari askoren iritzia da hori, baita Josean Kerejeta presidentearena ere: «Ez gaude Panathinaikosi irabazteko moduan».
Argi esan du, baina zein asmorekin? Adierazpen orok interpretazio anitz ditu. Nondik begiratzen zaion, hortxe koska. Panathinaikoseko Zeljko Obradovic entrenatzaileak berea egin du: «Kerejetak bere taldea akuilatzeko esan du hori. Nire ustez, Baskoniak gu menderatzeko lehengai eta talentu sobera du, eta Gasteizen aise irabaziko dugula esaten duenak saskibaloiaz ezer gutxi dakiela uste dut». Obradovic Europako entrenatzaile onenetakoa da, onena ez bada, baina zakur zaharra ere bai. Badaki Baskonia sasoi onenetik urrun dagoela, gaurkoa zirt edo zart egin beharrekoa dela arabarrentzat, eta hori, jakina, arriskutsua da edonorentzat. Baita Panathinaikosentzat ere.
Baskonia gai da greziarrak garaitzeko. Europako edozein talderi irabazteko moduko taldea du. Zaila dela? Ados, baina Gasteizen jokatuko du, eta horrek zerbaiterako balio behar du. Honatx baikortasunerako datu pare bat. Panathinaikosek Lietuvos eta Unicaja txikitu ditu Top16ko lehen bi jardunaldietan, baina irin guztiak ez dira zuri. Lehen zatian gaizki jokatu zuen Lituanian, eta etxeko taldea aurretik ibili zen markagailuan. Lehen fasean ere, hiru partida galdu zituen. Talde ona da, baina ez gaindiezina.
Bi jokalari garrantzitsu falta ditu Panathinaikosek. Luzerako dago min hartuta Aleks Maric pibota. Beste bi hilabeterako du. Atenasko taldea nahiko ondo moldatu da serbiarra gabe. Kostas Kaimakoglu da falta den bigarrena. Hegalekoa funtsezkoa da Obradovicen joko eskeman, hiruko jaurtitzaile trebea delako. Vilniusen sekulako partida jokatu zuen: hamasei puntu eta bederatzi errebote, hiru hiruko saskiratuta.
Diamantidis-Batiste bikoa
Panathinaikosek baliabide asko ditu, baina Baskoniaren lehentasuna Diamantidis-Batiste bikoteak sortzen duen jokoa desegitea da. Blokeo eta jarraipenean maisuak dira biak, eta lehen mugimendu hori ondo egiten badute, akabo, Dimitri Diamantidis trebea delako barneraldietan, eta Mike Batiste oso indartsua, bi metro pasatxo soilik izan arren. Esteban Batistak eta Stanko Baracek kementsu jokatu beharko dute, baina buruz bizkor izan ere bai: Batiste saskitik gertu aritzen da bikain. Lauzpabost metrotara, ez hainbeste.
Diamantidis eta Batisterekin batera, Kostas Tsartsaris eta Antonis Fotsisek osatzen dute Panathinaikosen bizkarrezurra. Jokalari garaiak dira biak, 2,09 metro luzean, baina biek saskitik urrun egiten dituzten jaurtiketak dituzte bizibide. Hirukoen arloan bikain moldatzen dira Tsartsaris eta Fotsis. Baita Drew Nicholas joko antolatzaile estatubatuarra eta Romain Sato Afrika erdialdeko eskolta ere. Stratos Perperoglu etxeko mutilak ere %44,7tan asmatzen du hirukoetan.
Eta Baskoniari buruz zer? Ba, ibil dadila kontuz bere jardun gorabeheratsuarekin, gaur ere hala jarduten bada Panathinaikosek etekin handia lortuko duelako. Oldarkortasuna eta pazientzia aipatu zituen Dusko Ivanovicek giltzarri gisa Unicajaren aurka. Balekoak dira gaurko ere.
BASKONIA-PANATHINAIKOS
Lehiaketa. Euroligako Top16 ligaxkako E multzoko hirugarren jardunaldia.
Caja Laboral Baskonia. Ribas, Garcia, Buesa, Huertas, Logan, Oleson, Bjelica, San Emeterio, Teletovic, Sow, Batista eta Barac.
Panathinaikos. Tepic, Perperoglu, Batiste, Fotsis, Sato, Nicholas, Tsartsaris, Diamantidis, Vogiukas, Calathes, Karamalegos, Bogris, Zumpos eta Maragkos.
Sailkapena. Baskonia bigarren da: 1-1 (+2); eta Panathinaikos, lehena: 2-0 (+47).
Lekua. Buesa Arena (9.763 ikusle).
Ordua. 20:30 (ETB1).
Multzoko beste partida. Unicaja-Lietuvos Rytas (gaur, 20:45ean).
Mugarri garrantzitsua
Une erabakigarrian hauspoa eman diezaiokeen garaipena lortu nahi du Baskoniak Panathainakosen aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu