«Mugarria izango da»

Jokin Aperribaik «funtsezkotzat» jo du Donostiako Udalak Anoeta moldatzeko baimena eman izana

Jokin Aperribai, atzo, prentsaurrekoan. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Donostiako Udalak Anoeta estadioa moldatzeko espedientea abian jarriko zuela iragarri eta egun bat geroago hartu du hitza Realak. Jokin Aperribaik agerraldia egin zuen atzo, klubaren jarraibidea azaltzeko. Beste gauza guztien gainetik, egitasmoaren inguruan lortutako «erabateko adostasuna» nabarmendu zuen. «Udalaren baimena jaso izana mugarria izango da estadioa moldatzeko. Aurreneko aldiz gertatu da halakorik. 1982an Zubietako lanekin, eta sei urte geroago oraingo zelaiaren inguruan, ez zuten bat egin ordezkari politiko guztiek. Juan Karlos Izagirre alkateari eta udalari benetan eskerrak eman nahi dizkiogu».

Horretarako, Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean aldaketa bat egingo dute. Lehen urratsa izango da, funtsezkoa bigarren faseari ekin ahal izateko; finantzaketari, hain zuzen. Horretan, behintzat, udalak ez du ezer esateko, herenegun argi utzi baitzuen ezduela dirurik emango.

Anoeta moldatzeko dirua biltzen hasiak dira Realean, eta hainbat eragileren ateak jo dituzte. «Udalak baiezkoa eman arren, ez dugu lanei ekiteko ordurik jarri. Bidea luzea da oraindik, eta Realak ezin dio bakar-bakarrik aurre egin inbertsioari. Ez da soilik gure erabakia, eta guztien parte hartzea ezinbestekoa izango da. Bilbon egin duten moduan, hemen ere formula juridiko eta ekonomiko egokienaren bila ari gara. Batez ere, Kutxabankekin hitz egin dugu orain arte».

Bilera horietara ez ziren esku-hutsik joan. Atletismo pistak ezabatzeko plangintza baten zirriborroa osatua dute, eta, horren arabera, talde txuri-urdinak eta hiru euskal aurrezki kutxek hartuko dute bere gain berritze lanen kostua aurreneko urteetan.

55 milioiko kostua

Zenbat kostako litzateke Anoetaren moldaketa? Nola eralda liteke estadioa? Aperribaik egitasmoan sakonduz erantzun zuen, xehetasun nagusiak azaleratuz. «Oinarri ekonomikoak aztertu eta gero, 55 milioi euroko aurrekontua beharko genuke. Lanen iraupena lau bat urtekoa litzateke, eta zelaiaren edukiera 40.000 ikusle pasatxokoa. Zelaia 2,40 metro lurperatuz gero, ateen atzeko aldeko harmailak eta eraztunaren azpikoak botako lirateke. Espanyolen adibideak balio digu, antzeko ahalmena duen talde bat baita. Zelai berriarekin, bazkide kopurua 25.000tik 32.000 arte igo zitzaion. Txartelik merkeenak ate atzekoak direnez, askok, gehienbat gazteenek, hor eseri nahi izaten dute, baina ez dago tokirik».

Egungo administrazio kontseiluaren egitasmo horrek ez du zertan bakarra izan, nahiz eta atseginez hartu duten bai udalak eta bai Kutxabankek. «Gustatu zaie, bai, baina erakundeek esaten digutenaren araberakoa izango da. Gure asmoen aldean lehiaketa bat egitearen aldekoak badira, ez dugu eztabaidatuko».

Azken hamarkadan aurkeztu izan da beste proiekturik Anoetako pistak kentzeko. Esaterako, Gipuzkoarena, Jose Luis Astiazaranen agintaldian. Bataren eta bestearen ezberdintasunak marrazteaz gain, eraldaketaren zergatiez mintzatu zen. «Ez litzateke dorrerik eraikiko, eta hirigintza ustiaketa murritzagoa izango litzateke. Horrez gain, egungo altuera ez litzateke gaindituko, eta zoru publiko gutxiago beteko luke estadio berriak. Zalea ez dago harro bere etxearekin, eta aldaketa bat eskatzen du aspalditik. Ekonomia eta kirol aldetik kaltegarria da guretzat. Egitura aldetik zenbat eta sendoagoak izan, orduan eta lehiakorragoa izango da taldea Lehen Mailan. Hemendik urte gutxira aurrekontu oparoagoak izango ditugunez, ezin gaitezke atzean geratu. Gainera, bazkideentzat erosoagoa litzateke, eta askoz hobeto ikusiko litzateke futbola zale berriak erakartzeko».

Reala ez da izango estadioaren jabe. «Horretarako, guk jarri beharko genuke diru guztia, eta hori ezinezkoa da. Ez gaude futbolari onenak saltzeko prest. Gustatuko litzaigukeena da dirua jartzen dugunok izatea jabeak, Bilbon bezala. Horren alde egingo dugu».

Anoetaren moldaketaz ez ezik, Realak Mediapro ikus-entzutezko enpresarekin duen aferaz ere hitz egin zuen —ordainketak direla eta, bi aldeek salaketa jarri diote elkarri—. «Gurekin zorretan daude, eta euren portaera onartezina da. Iruzur egiten dio txapelketari. Ea laster ezagutzen dugun epaia. Gu, behintzat, lasai asko gaude». Azkenik, kirol arloari dagokionez, Aperribaik esan zuen «urrats sendoak» ari dela egiten Montanierren eskutik, eta helburua gertu izan arren, ezin dutela gutxitu exijentzia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.