Multzoko lehen postua da erronka

UNAI GARTZIA GASTEIZ
2008ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Aurkari txikirik ez dagoela dio futboleko topikoak. Saskibaloian ere horrela gertatzen da, baina atzo Madrilen egin zen Euroligako hurrengo faserako zozketa, eta haren emaitzari erreparatuz gero, pozik egoteko arrazoiak dauzka Baskoniak. Alde batetik, egokitu zekiokeen zerrenda bururik aproposena egokitu zaio Spahijaren taldeari, Lietuvos Rytas. Beste aldetik, Salonikako Aris eta Turkiako Fenerbahce, lehen fasean nahi baino partida gehiago galtzetik datoz (zazpi greziarrak eta zortzi turkiarrak), eta arabarrek ez lukete batzuk zein besteak gainditzeko arazorik izan behar. Gasteiztarren E multzoa da, hain zuzen ere, zozketak ekarri duen errazenetarikoa.

Otsailaren 12 edo 13an ekingo dio Baskoniak top-16ari, Lietuvosen kontra Lituanian. Bueltako partida Zurbaon jokatuko da martxoaren 5 edo 6an. Ondoren, astero-astero, Euroligako bigarren fase horretako norgehiagokak jokatuko dira. Baskoniak etxean eta Gasteiztik urrun jokatuko du, bi asteko zikloan. Lehenengo partidan Vilniuseraino joan beharko du Tauk, Kopan egin dezakeena barneratzeko astirik gabe. Koparen ostean, Europan jokaturiko partida gehienetan arazoak izan ditu beti Baskoniak, baina aurten ez du hutsik egiteko paradarik, ia derrigorrezkoa baitu multzoko lehenengo postua bereganatzea. Bukatu ere Turkian bukatuko du Top 16a Baskoniak, Fehnerbaceren aurka.

Arabarren aurkariak fase berrirako lanean hasi dira, dagoeneko. Horrela, lituaniarrek Vroman pibota fitxatu berri dute Akasvayutik, min hartuta dagoen Nielsenen ordez aritzeko. Arisekoak zein Fenerbahcekoak merkatuko jokalarien bila dabiltza, garai hauetan nabarmen indartzen baitira talde hauek.

Tauk Top 16an aurrera egingo balu, D multzoko taldeekin gurutzatuko litzateke final laurdenetan (Panathinaikos, Montepaschi, Efes Pilsen, eta Partizan). Gauzak horrela, 16 onenen ligaxka lehen postuan amaitzea lortuko balu, D multzoko bigarrenarekin lehiatu beharko litzateke, eta D multzoko liderrarekin bigarren amaituko balu. D multzoan Panathinaikosek lehen postua lortzea da normalena, eta Lauko Finala jokatzeko txartela lortu nahi bada, ezinbestekoa da Atenaseko taldea nola edo hala saihestea.



F TALDEA DENETAN ZAILENA. F taldea aurreko biak baino indartsuagoa da. Real Madril, Maccabi, Zalgiris eta Olympiacos nor baino nor ariko dira. Teorian, madrildarrak dira faborito, baina adi ibili beharko dute, talde gaiztoz beteriko multzoa baita eurena. Tel Aviveko jokalariak behetik gora doaz, eta ez dute sasoi hasierako talde zimelarekin zer ikusirik. Asteek aurrera egin ahala eta orain arteko bilakaera jarraituz gero, kontuan hartzeko taldea izango da Israelgoa. Greziako Olympiacos ere oso gaizki ari da, eta bolada txarrak Pini Gershonen kaleratzea ekarri du. Haren ordez Panagiotis Yannakis Greziako prestatzailea heldu da klub gorrira. Antolatzaile ohiak defentsako joko handiagoa emango dio taldeari, eta garaile petoa den neurrian, jokalarien mentalitatea ere aldatzen trebatuko da. Yannakis eserlekuan dela, eta egun dituzten lesioak gaindituz gero,Olympiacos goitik behera eralda daiteke. Adi beraz, greziarrekin.

G multzoa ere edonor beldurtzeko modukoa da: CSKA, Bartzelona, Unicaja eta Lottomatica. Errusiarrek ez lukete lider moduan amaitzeko arazorik izan behar, baina lanak izango dituzte ACBko bi taldeen aurrean. Bartzelonakoen irregulartasunak, onena eta txarrena egiteko gai bihurtzen ditu, eta CSKAren aurka erakutsi dezaketena Lottomaticarekin ere erakutsi beharko dute. Ivanovicek eskarmentu handia du txapelketan, eta horretaz baliatuko da taldea Madrilerako bidean jarri nahian. Unicaja oso ondo ari da azkenaldian, eta azken lau partidetan garaipena lortzetik datoz. Iaz Lauko Finalean izan ziren, eta esperientzia hori errepikatzeko irrikan izango dira aurten.



«Gure multzoan ez dago talde txarrik, baina egia da zorte ona izan dugula; bidaia luzeak dira okerrena»

tiago Splitter
Tau Baskoniako jokalaria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.