ERRUGBIA . V. MUNDUKO ERRUGBI KOPA

Mundialik erakargarriena

Urriaren 10ean hasita, 44 egun iraungo du; 137 milioiko aurrekontua du, eta Georgia da berria

DONOSTIA
2003ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Hirugarren kirol ikuskizuna da Munduko Errugbi Kopa, Munduko Futbol Txapelketa eta Olinpiar Jokoen gibeletik, eta urriaren 10ean hasiko da, Sydneyn (Australia), Australia-Argentina (A multzoa) partidarekin. Kirol guztiak kontuan hartuta, munduko txapelketarik luzeenetakoa da, 44 egun iraungo baitu, urriaren 10ean hasi eta azaroaren 22an amaituko dela.

Lehia hasteko zazpi egun falta direla, talde gehienak Australian dira. Hala, txapelketan ariko diren 20 taldeetatik 16 gaur izango dira Australian. Izan ere, denbora pitin bat behar dute hango klimara egokitzeko, udaberria baita, eta baita ordutegira ere.

Mundialaren aurrekontua 137 milioi eurokoa izango da; 1999koan, 84 milioikoa izan zen. Komertzio eta publizitatetik lortuko dute diru gehien: 120 milioi euro. Horietatik 76 milioi telebista eskubideengatik jasoko dituzte, eta 17 milioi sarreretatik.

200 naziok ikusi ahal izango dute Kopa telebistaz

Antolatzaileen ustetan, 4 bilioi pertsonak ikusiko dute, gutxienez, 48 partidetakorenbat. Australiako Channel Seven telebista kateak ukanen du esklusiba. Frantziako F2 eta F3 telebista kateek, gutxienez, zuzenean eskainiko dituzte sailkapen faseko partidak. Gure ordutegia kontuan hartuta, 06:00etatik 14:00ak arteko tartean jokatuko dira sailkapen faseko norgehiagoka guztiak.

Lehian ariko diren hogei taldeetatik, Georgia da 1999ko Mundialean aritu ez zen bakarra, eta Espainiaren lekua beteko du. Azken Mundialean Australiak eta Frantziak jokatu zuten finala, eta australiarrak gailendu ziren.

Ohiko sistema erabiliko da. Hau da, sailkapen ligaxkan denek denen aurka jokatuko dute partida bakarrera, eta multzo bakoitzeko lehen biak sailkatuko dira. Guztira zortzi naziotako 16 epaile ariko dira, eta ez da euskaldunik.

BI EUSKAL HERRITAR



 

Hariñordoki eta Elhorga





Guk dakigula, bi euskal herritar ariko dira Kopan, eta biak ala biak Frantziarekin: Imanol Hariñordoki Garazikoa (Nafarroa-Beherea) eta Pepito Elhorga Sarakoa (Lapurdi). Hariñordokik Pauen jokatzen du. 3. lerroa da, 23 urte ditu, 1,92 metro eta 102 kilo. Epe laburreanhobekuntza handia egin du, eta Frantziako Top 16ko jokalaririk onenetakoa da. Elhorgak Agen taldean (Frantzia)dihardu. Gibelean eta hegalean jokatzen du, 25 urte ditu, 1,78 metro eta 82 kilo. Agenera joan aitzin Miarritzen aritu zen. Bestalde, Miarritzen diharduten Betsen, Thion eta Yachvili ere ariko dira Frantziarekin, eta, Balan eta Tonita Errumaniarekin. Argentinan eta Uruguain ere badira euskal jatorrikoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.