xirrindulari profesionalei euren kirol ibilbidean igo duten mendate gogorrena galdetu eta nekez emango dute erantzun bera. Marino Lejarretarentzat Covadongako Lakuak izan liteke (Asturias, Espainia). Julian Gorosperentzat Serranillos (Avila, Espainia). Miguel Indurainentzat La Plagne (Frantzia) edo Valico di Santa Cristina (Italia). Mendian gora ikaragarri sufritutako gizasemeak dira denak, inork baino hobeto ezagutzen dute ezina, baina ez dira ados jartzen. Eurak ados jartzen ez badira, nork esan dezake, ziurtasun osoz, munduko aldapa gogorrena zein den? Inork ere ez.
Unean uneko sentsazioak, mendatearen aurretik zein aldapa igo diren, eguraldiak, lasterketaren egoerakÉ dozenaka xehetasunek baldintza dezakete mendatearen gogortasuna. Gogortasun hori neurtzen duten zenbakiak, ordea, aldaezinak dira. Finestrek etorkizunean zein oihartzun izango duen ikusteko dago (sarri, sekulako maldak dituzten mendateak ahaztuta geratu dira), baina mendatea ikaragarria da zenbakiei erreparatuz gero: 18,5 kilometro, %9,2ko batez besteko malda, eta mendate osoan, %8tik beherako kilometrorik ez. Atseden guneak, beraz, bat ere ez.Han ibili diren txirrindulari denak izututa jaitsi dira. Martxoan egon zen Juanma Garate, bi taldekiderekin. Ez ziren goraino heldu, elurra eta lokatza zegoelako bidean, baina ikusi zutena nahikoa omen han gorriak ikusiko dituztela jabetzeko: «Mortiroloren traza hartu nion nik. Baso bide bat, estu-estua, itoa osoÉ». Susa herrian, bailaran, erreka ondoan hasten da igoera: «Lehen bi kilometroak, Meana di Susa herriraino, gogorrak dira, arriskutsuak. Igo nintzenean berotu egin nintzen han, baina azkar erre ere bai. 180 graduko bihurgune asko ditu eta haietako baten ondoren atseden gune txikiren bat espero nuen, baina bat ere ez dago. Ezinean, gelditu egin behar izan nuen», azaldu dio Garatek berriari.Azken tartean mendateak leporantz zein bide egiten duen erakusten du. Hori ona da, Garateren iritziz, ondo bazaude, «baina jota bazoaz, infernuaren parekoa izan daiteke». Finestren nola jokatu aurrez ezin omen da zehaztu: «Tentuz jokatu behar da baina erritmo aldaketa handi-handirik gabe ere onenen taldea hautsi egingo dela esango nuke. Luzea da, gogorra eta behetik jo ezkero pot egin eta ordu erdia gal daiteke».Txirrindulariak oso justu doaz, dagoeneko. Limone Piemonte etzanean gertatutakoa arrasto ona da gaur gerta daitekeena ulertzeko. Zailtasun handirik gabeko igoeran, eraso askorik gabeko etapan, tarteak egin ziren. Txikiak, baina tarteak, segundoetan neurtu ziren tarteak. Gaur, Finestren, tarte horiek minutuetan neurtuko dira. Zaindu beharreko gurpilak, hiru: Basso, Simoni eta Rujano.
TXIRRINDULARITZA. ITALIAKO GIROA
Munduko gogorrena?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu