Sasoiko hamargarren garaipena eskuratu du Lewis Hamilton Mercedes etxeko pilotuak Austinen, Ameriketako Estatu Batuetan. Horrela, 25 puntu gehiago lortu, eta matematikoki erabakita utzi du aurtengo txapelketa, hiru sari nagusiren faltan.
Austinen, Nico Rosberg alemaniarra eta Hamiltonen taldekidea izan da bigarren, eta Sebastian Vettel (Ferrari) hirugarren.
Hirugarrenez irabazi du munduko txapelketa Hamiltonek, 2008an eta 2014an ere garaile izan eta gero. Igandeko puntuak batuta, guztira 327 ditu britainiarrak; 251 Vettelek eta 247 Rosbergek.