Munduko Kopa, Errusiara eta Qatarrera

Errusiak antolatuko du 2018ko Munduko Kopa, eta Qatarrek 2022koa, biek estreinako aldiz

Erredakzioa
Donostia
2010eko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Iragapenak bete ziren atzo Zurichen (Suitza), eta Nazioarteko Futbol Federazioko (FIFA) Batzorde Exekutiboak Errusia eta Qatar aukeratu zituen 2018an eta 2022an Munduko Kopa antolatzeko. Biek estreinako aldiz izango dute ardura futbol lehiaketa nagusia antolatzeko. FIFA, baina, sinetsita dago eskarmentu falta hori diruarekin estaliko dutela. Horregatik egin du haien alde, eskarmentu eta tradizio handiagoa duten zenbait herrialderen kaltetan.

Errusiak beste hiru hautagaitzekin lehiatu zen: Ingalaterrarena, Espainia eta Portugalena, eta Belgika eta Herbehereetakoarena. Bi bozketa nahikoa izan ziren Errusiak boto gehienak lortzeko. Lehen bozketan, Errusiak bederatzi boto jaso zituen, Espainiak eta Portugalek zazpi, Belgikak eta Herbehereek lau eta Ingalaterrak bi. Hala, Ingalaterra lehiatik kanpo geratu zen. Ingelesek jasotako bi botoak Errusiaren hautagaitzara joan ziren, baita Belgikako eta Herbehereetako hautagaitzako beste bi ere. Hala, bigarren bozketan Errusiak gehiengoa lortu zuen: hamahiru boto. Espainia eta Portugal bere horretan geratu ziren, bederatzi botorekin, eta Belgika eta Herbehereak birekin. Ondorioa: Errusia irabazle. 11. aldiz jokatuko da Munduko Kopa Europako herrialde batean.

Askoz ere lehiatuagoa izan zen 2022ko Munduko Kopa nork antolatzen zuen erabakitzeko bozketa, Qatarrek laugarrengoan lortu baitzuen garaipena. Lehen bozketan, Australia geratu zen bidean; bigarrengoan, Japonia; hirugarrengoan, Hego Korea; azkenik, laugarrengoan, Qatarrek hamalau boto jaso zituen, eta AEBek zortzi. Bigarren aldiz antolatuko du Asiako herrialde batek Munduko Kopa bat. 2002an Japoniak eta Hego Koreak egin zuten.

Bai Errusiak, bai Qatarrek asmo handiko proiektuak aurkeztu dituzte. Errusiako Munduko Kopa hamahiru hiritan jokatuko da,hamasei estadiotan, horietatik hamahiru berriak. Qatarko Munduko Kopa, berriz, zazpi hiritan jokatuko da, hamabi estadiotan, horietatik bederatzi berriak. Errusiako eta Qatarko ekitaldien aurretik, baina, Brasilgoa jokatuko da, lau urte barru.

Partidarik ez Euskal Herrian

Espainiako eta Portugalgo hautagaitzak irabazi ez izanak badu ondoriorik: ez da Munduko Kopako partidarik jokatuko Euskal Herrian. Orain ikusteko dago Anoeta estadioaren handitzea zertan gelditzen den, hautagaitzak berebiziko indarra ematen baitzion Anoeta handitzeko proiektuari. Donostiako estadioko arduradunek esan zuten, hala ere, atletismo pista kentzea ez zela FIFAren erabakiaren araberakoa izango, eta Espainia 2018ko Munduko Kopa antolatzeko aukeratua izan edo ez, proiektua aurrera eramango zutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.