Hilaren 25ean esango dio agur Felix Espillak 32 urteko jardun oparoari. Agurreko partida izango da Gernikan jokatuko den hura, omenaldikoa nolabait. Gaur Hondarribian jokatuko duena, ordea, bere kirol ibilbideko azken finala izango da, eta horregatik izango dira begi gehienak 48 urteko atzelari berriatuarrari begira. Munduko Pilota Batzarraren binakako zesta-punta txapelketa gaur bukatuko da Hondarribiko Jostaldi pilotalekuan (18:00, ETB1): Bereikua-Felix eta Egiguren II.a-Lopez ariko dira nor baino nor.
Txapela bat jantzita agurtzea da Felixen helburua, baina ez du zeregin erraza. Sekulako partida jokatuta sailkatu ziren finalera bera eta Bereikua, herenegun, baina arazo fisikoekin amaitu zuen Felixek. Kontrarioak dira bestela ere irabazteko faborito nagusiak. Partidarik galdu gabe amaitu zuten ligaxka Egiguren II.ak eta Lopezek, orduan elkarren kontra jokatutako norgehiagoka 21-35 irabazi zuten Gasteizen, eta Hondarribiko frontoian hobeto moldatzen dira gipuzkoarrak bizkaitarrak baino.
Maila horretako lau pilotari kantxan izanda edozer gauza gerta daiteke, eta faborito izatearen zamarik gabe aritzeko modua dute Bereikuak eta Felixek.
Munduko Pilota Batzarraren binakako finala gaur jokatuko da, Hondarribian
Felixen kirol ibilbideko azken finala izango da; Bereikua lagun hartuta, Egiguren eta Lopezen kontra jokatuko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu