Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak Munduko Saskibaloi Txapelketaren eragin ekonomikoaren inguruko datuak eman dituzte. Horien arabera, txapelketak utzitako zuzeneko eragin ekonomikoa 24 milioi eurokoa izan da, aurreikusitakoa baino lau milioi euro gehiago. Orotara, eragin ekonomikoa 35 milioi eurokoa izan da.
Ostalaritzak hartu du eragin horren zatirik handiena, %87. Hotelak, aterpetxeak, landetxeak, tabernak, jatetxeak eta antzekoak izan dira onuradun nagusiak. Merkataritzan, berriz, eragina askoz mugatuagoa izan da. Instituzioek nabarmendu dute horrelako zerbait espero zutela, duela zenbait hilabete egindako txostenaren arabera eragin hori %2,8 baino ez zela izango aurreikusten baitzuten, eta aurreikuspenak bete egin dira. Bisitariek turismoarekin lotutako produktuak erosi dituzte (oroigarriak, opariak eta beste), saltoki handietan eta hoteletatik gertu dauden dendetan erosi ere. Gainerako dendetan eragina askoz murritzagoa izan da.
25.000 bisitari berri izan ditu Bizkaiak txapelketak iraun duen bitartean. Ia 115.000 sarrera saldu zituzten. Loiuko aireportuari dagokionez, txapeketa izan da charter hegaldi kopururik handiena ekarri duen ekitaldia.