SOKATIRA

Munduko sokatira txapelketak 580 tiralari elkartuko ditu, Getxon

Irailaren 16tik 19ra ospatuko da, Faduran. 16 nazio izango dira, tartean Basque Country; eta 39 klub ere izango dira; horietatik lau Euskal Herrikoak: Getxo, Mutriku, Goiherri eta Gaztedi.

Fadurako Hobekuna Teknikorako Zentroan egindako aurkezpen ekitaldia, Getxon. IñAKI FERNANDEZ
Iñaki Fernandez Guridi.
2021eko irailaren 9a
16:03
Entzun

Dena gertu dago Getxoko Fadura kiroldegian, munduko lurgaineko sokatira txapelketa ospatzeko datorren irailaren 16tik 19ra bitartean. Pandemiak eragindako atzerapenaren ondorioz, urte bat beranduago ospatuko da. Hala ere, goi mailako 580 tiralari izango dira Euskal Herrian, lau egunetan zehar.

Guztira hamasei nazio lehiatuko dira, ohikoan baino gutxiago. Beste alditan hogei izan dira, baina gaur egungo egoeraren ondorioz ezin izango dute guztiek Getxora bidaiatu. Datorren asteartean hasiko dira heltzen tiralariak. Euskal ordezkariek Basque Country izeneko selekzioa osatuko dute. Bestalde, 39 klub ere izango dira; tartean, lau Euskal Herrikoak: Getxo, Mutriku, Goiherri eta Gaztedi.

Nazioen zein taldeen lehiaketetan zortzi kategoriatan lehiatuko dira euskal tiralariak: emakumezkoen 500 eta 540 kiloko mailetan; gizonezkoen 560, 640, 680 eta 720 kiloko mailetan; 580 kiloko mistoan eta 23 urtez azpiko gizonezkoen 600 kiloko mailan. Kirolari guztiek PCR negatibo bat aurkeztu beharko dute parte hartzeko, eta aireportutik hotelera iristean antigeno proba egingo zaie. Hilaren 16an eta 17an taldekako mundiala ospatuko da, eta hurrengo bi egunetan nazioen artekoa.

Edukierari dagokionez, egungo murrizketak direla eta, kiroldegian 500 lagunentzako tokia egongo da. Sarrerak goizeko eta arratsaldeko saioetarako jarriko dituzte salgai; hala, guztiek ikusteko aukera izan dezaten. Sarrerak sokatiramundiala.com webgunean daude eskuragarri; bertan erreserba egin, eta leihatilan jaso beharko dira probaren egunean bertan, bost euro ordainduz.

Mundu mailako proba honen aurkezpena ostegun honetan egin dute, Fadurako Goi Errendimenduko zentroan. Ekitaldian parte hartu dutenak izan dira Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatua; Amaia Agirre Getxoko alkatea; Igor Duñabetia Euskadiko Herri Kirol Federazioko presidentea; eta Maaike Hornsta TWIFeko idazkari nagusia.

Zupiriak nabarmendu du «erronka bat» dela mundu mailako txapelketa bat Euskal Herrian ospatzea, eta are gehiago «bizi dugun osasun egoeraren erdian» bada. Horregatik, «gai izan garela eta garela erakutsi diogu munduari» datozen egunetan. Duñabeitiari, aldiz, gustatuko litzaioke «txapelen bat etxean gelditzea». Azpimarratu du euskal kirolariak «ondo entrenatuta eta ilusio handiarekin» helduko direla mundialera, eta «ez die erraz jarriko» gainerako lehiakideei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.