Aurten, abuztuaren 30etik irailaren 14ra jokatuko da Munduko Saskibaloi Txapelketa, eta BEC izango da egoitzetako bat. Atzo egin zuten lehen ligaxkako zozketa, eta AEBetako selekzioa izango da BECen jokatuko duenetako bat. "Albiste ona" dela esan du Garciak gaur, ekonomikoki dirua ekar dezakeelakoan. Hala eta guztiz ere, Nazioarteko Saskibaloi Federazioari (FIBA) gutun bat bidaliko dio egoitzen zerrendatik Bilbo kentzeko eta Barakaldo gehitzeko eskatuz.
BEC Barakaldon dago, eta okerra zuzentzeko eskatu die Garciak, udalak berak jakinarazi duenez. "Diputazioa ari da nahasmena sartzen, bere ohar ofizialetan pabiloia Bilbon kokatzen duelako, eta ez Barakaldon", salatu dute. Gogoratu du, gainera, BECen ekitaldi garrantzitsu bat dagoen aldiko barakaldoarrak direla ondorioak pairatzen dituztenak, eta, besteak beste, zirkulazioa eta aparkatzeko arazoak aipatu ditu. Gaineratu du BEC zaintzeaz eta inguruak garbitzeaz Barakaldoko Udala arduratzen dela. "Errespetu bat merezi dugu, eta gauzei bere izenez esan behar zaie".