Berdin du zerk ekarri zituen. Berdin du. Bizitzari beste helmuga bat jarri zioten. Beste helburu bat. Ingurua aldatu zuten, bizitza. Dena.Berriz hutsetik hasi ziren. Euskal Herrira etorri ziren. Batzuk lehenago. Beste batzuk geroago. Denboraren joanarekin, herri honen parte egin dira. Pixkanaka herri honen erroak bereganatu dituzte.
Rene Thiare (Niodir, Senegal, 1989) 2006an iritsi zen Ondarroara (Bizkaia). Urtebete geroago herriko traineruko hamalau kideetako bat gehiago zen. Ez ziren hasiera errazak izan berarentzat. Osaba bertakoa izan arren, zailtasun asko izan zituen hizkuntzarekin. Frantsesa baino ez zuen hitz egiten, eta apenas ulertzen zituen erdaraz eta euskaraz esandako hitzak. Bizi berri baten bila etorri zen Euskal Herrira, eta arraunean aurkitu zuen bakea.
Lagun batek esan zion arrauna probatzeko. Esan, eta hark egin. «Probatzeko esan zidan eta gustatzen ez bazitzaidan uzteko. Niri, ordea, izugarri gustatu zitzaidan». Modu batera edo bestera, ezaguna da arrauna mundu guztian zehar, baina hemen bezala ez da inon egiten. Balea harrapatzera joaten zireneko garai haiek famatu egin zuten traineruetako arraunketa. Thiarek ez zuen istorio horien berri. «Senegalen ere aritzen nintzen arraunean, bainahemengo aldean oso modu oso ezberdina zen. Nik ez nekien hemen halako historia zuenik arraunak. Asko harritu ninduen».
Ezagunagoa zuen pala Vladimir Lujanek (Habana, 1973). Bere etxe ondoan zegoen frontoian hamaikatxo txapelketa jokatzen ziren. Hainbaten artean, 1990eko Munduko Pala Txapelketa jokatu zuten garaiko espezialistarik onenek. Etxe ondoko txoko hura ihesbidea zen beretzat. Paradisua. Gozamen hutsa. «Izugarri gozatzen nuen haiei begira. Zoratu egiten nintzen. Pilotak hartzen zuen abiadurarekin harritutamaitemindu egin nintzen palaz». Garai hartako palista ezagunenak bere begiekin ikusi zituen. Lilura hura are eta ederragoa zen haiei begiratzean. «Intxausti, Juan Pablo… garaiko pilotaririk onenak ziren». Egunen batean haien maila emateko asmoz, eguneroko zerbait bihurtu zen pala beretzat. 2002 arte afizionatu mailan aritu zen. Urte horretan Euskal Herrira etorri zen, bere kirol ibilbidean pauso bat gehiago emateko. Ordutik profesional mailan aritu da kubatarra. Gaur arte. Eta zeinek jakin noiz arte.
Maiteminduta etorri zen Euskal Herrira Santa Sousa ere (Salvador de Bahia, Brasil, 1972). Bere senarraz maiteminduta. Duela hamabost urte zapaldu zuen lehenengoz Lesaka (Nafarroa). Eta han bizi da egun, oraindik. Etorri, eta urte batzuk geroago hasi zen txingan. «Hona etorri berritan sokatiran aritzen nintzen. Behin, ordea, txapelketetarako neska bat falta zitzaiela esan zidan entrenatzaileak eta probatzeko eskatu zidan». Horri ere gustatu egin zitzaion, Thiareri bezala.
Ez zuen sekula imajinatu txinga kirol gisa hartzen zenik hemen, baina Brasilen egiten zuen antzeko ekintza bat ekartzen zion gogora Sousari. «Brasilen jendea baserriz baserri ibiltzen da, batetik bestera, esku bakoitzean esne botilak hartuta». Sufrimendu hutsa hura ere azkenean.
Halakoxea da aizkora ere. Gogorra. Eta ondo baino hobeto daki hori Jon Rodriguezek (Segovia, Espainia, 1989). Gazte eraman zuen aitak lanera herri ondoko basora. Oso gazte. «Hemen gure herrian, El Espinarren, egurra mozteko ohitura handia daukagu. Etxeko sua pizteko mozten dugu. Herritar asko horretatik bizi da. Gu ere gazte-gaztetan hasi ginen joaten, 11 urterekin edo». Gerora jakin zuten aita-semeek aizkora kirol gisa egonkortuta zegoela Euskal Herrian.
Adinean gora egin ahala, kontua serioago hartzea pentsatu zuten. Bai aitak. Eta bai semeak ere. Gutxi dira ordutik Euskal Herrira etorri ez diren asteburuak. Ia astero etortzen dira txapelketaren bat jokatzera. «Izugarrizko afizioa dugu, eta ez digu axola autoan egin behar izaten ditugun kilometroek. Gustura etortzen gara».
Orain Urrezko Aizkorako txapelketa jokatzen ari da Rodriguez. Maila nagusiko txapelketatik kanporatu zuten duela aste batzuk, eta 23 urtez azpiko mailan ari da. Joan den asteburuan finalerdietarako sailkatu zen, eta ekainaren lehenengo astean jokatuko du kanporaketa hori, Aratz Mugertzaren aurka.
Denboraldian bete-betean sartuta dago Thiare ere. Taldeko batzuk trainerilletan, eta gainontzekoak traineruan entrenatzen hasiak dira. Gertu dago uda. KAE Kantauriko Arraun Elkarteko Ligako bigarren mailan ariko da Ondarroa beste urtebetez. Iaz, denboraldi bikaina egin ostean, eskuetan izan zuen igoerara pasatzeko aukera. Kanporaketan huts egin eta gero, ordea, Getariak soilik lortu zuen mailaz igotzea. «Denboraldi ederra egitetik gentozen, nire lehen bandera irabazi nuen, gainera. Golpe gogorra izan zen taldeko guztientzat».
Hasierak ez dira errazak izaten
Teknika aldetik asko ikasi behar izan zuten laurek. Lehen pausoak ematea bezala izan zen. Thiarerentzat bai, behintzat. «Oso gogorra egin zitzaidan. Ez nuen ulertzen entrenatzaileak zer esan nahi zidan, eta nik ulertu beharra neukan arraunean ikasi nahi banuen. Nahi eta ezina sentitzen nuen. Teknika aldetik ere oso zaila egin zitzaidan». Lujani bezala. Aurretik bere begiekin ikusi eta ezagutu baldin bazuen ere, asko kostatu zitzaion palan jokatzen ikastea. «Ikusi nuen bazuela halako zailtasun bat, eta behar baino denbora gehiago eskaintzen hasi nintzaion». Ez dira inorentzat hasiera errazak izan. Rodriguezek ere gogoan du enborrera igo zeneko lehen aldia. «Basoan enborrak moztearen aldean, ezberdina da aizkora».
Urteetako izerdi tantek merezi izan dute. Goi mailan dabiltza orain lau kirolariak. Euskal Herriko gainontzeko kirolarien pare. Ezin hobeto moldatu dira. Inguruko gazte asko baino hobeto. Harritzekoa ere bada, kanpotarrek etorri behar izana euskal herri kirolei bizia ematera. Sousak, esaterako, etorkizun iluna ikusten du. «Tristea izango litzateke bukatzea. Inguruko bost edo sei gaztetxo dabiltza gurekin entrenatzen, baina ez dakit noiz arte jarraituko duten».
Txapelketetan bizi den giroa, behintzat, apartekoa da. Lagun asko mugitzen duten kirolak dira arrauna, pala, aizkora eta txinga, eta askotan eurak dira kirolariei jarraitzeko pizgarri hori ematen dien arrazoi nagusia. Sousak hala uste du. «Txapelketetan izaten den giroa izugarria da. Giro oso sanoa, gertukoa. Kirol honetan jarraitzeko indarra ematen dit». Iritzi berekoa da Thiare. Iaz sasoiko lehen bandera irabazi ostean, herrira iritsi eta gero zaleek egin zieten harrera ekarri du gogora. «Oso pozik nengoen, zoriontsu. Nire etxean egongo banintz bezala sentitu nintzen».
Lujanek ere ondo baino hobeto ezagutzen zuen euskal pilotalekuetako giroa hona etorri aurretik. «Afizionatu mailan nenbilenean urtero etortzen nintzen Euskal Herrira. Banekien giro ona egoten zela pilotalekuetan. Jendeak, gainera, bikain hartu ninduen, eta beste pilotariek ere bai». Bere etxe ondoan aritzen zirenen antzera, ezagutza eta pala mundukoen mirespena lortu ditu.
Etorkizunean zer?
«Beti esaten dut pilotalekuetatik botatzen nauten arte jarraituko dudala palan», dio Lujanek barrez. 39 urte bete berri ditu, eta urteetan gora egin arren, mailarik onena ematen jarraitzen du. Urrutira joan gabe, joan den apirilean buruz buruko munduko txapelketako finala jokatu zuen Pablo Fustoren aurka. Galdu egin zuen, baina finalera iritsi izanak asko esan nahi du.
Egoera fisiko egokia izatea garrantzitsua da. Kirolari baten etorkizunaren gehiena baldintzatzen du. Egiten duzuna gustatzea ere ezinbestekoa da. Buruak agintzen du, ordea, kasurik gehienetan. Denboraldi luze eta gogorrek, asko nekatzen dute bat. Thiarek, adibidez, bi urte daramatza arrauna utziko duela esan eta esan. «Iaz uztekotan egon nintzen, baina entrenatzaileak jarraitzeko konbentzitu ninduen azkenean».
Sousak ere Thiareren moduko buruhausteak izaten ditu denboraldia amaitu bezain pronto. «Urtero esaten dut utziko dudala, baina ezin dut. Menpekotasuna sortzen du kirol honek».
Atzerritarrak herri-kiroletan
Mundutik plazara
Jaioterria utzita etorri ziren Euskal Herrira Vladimir Lujan, Rene Thiare, Santa Sousa eta Jon Rodriguez. Orain herri kiroletan aritzen dira. Beren bizipenak ezagutzeko asmotan, lau protagonistekin aritu da hizketan BERRIA.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu